Itxi

Osasuna

2-0 galdu dute Celtaren aurka

Osasunak garaipenik lortu gabe jarraitzen du

Erredakzioa

Ligako hiru partida jokatu ditu orain arte talde gorritxoak, eta hirurak galdu ditu. Iago Aspasek eta Mario Bermejok sartu dituzte Celtaren golak. Epaileak Arribas egotzi du azken minutuetan.

  • Celtak 2-0 irabazi dio Osasunari. Argazkia: EFE

Osasunak garaipena ezagutu gabe jarraitzen du BBVA Ligako 2012-2013. denboraldian. 2-0 galdu zuten gorritxoek Celtaren aurka Balaidosen.

Partidako lehen minutuak parekatuak izan ziren. Hasieran Celtak ekin zion hobeto norgehiagokari, baina laugarren minututik aurrera Osasuna esnatu egin zen, eta neurria hartu zion partidari. Bederatzigarren minutuan etorri zen neurketako lehen gol aukera. Mario Bermejoren erremateari erantzun bikaina eman zion Andres Fernandez atezainak, Vigokoen gola eragotziz. Bi minutu beranduago erantzun zuen Osasunak, baina gorritxoen erasoaldia, baloiak langa jota amaitu zen. Lehen zatian ez zen gol aukera gehiegirik egon, baina atsedenaldira iritsi orduko Celtak markagailuan aurrea hartzeko aukera izan zuen. 24. minutuan, Andres Fernandezek gelditu bikaina egin zuen, eta erantzun horren ondorioz eragotzi zuen Vigoko taldearen gola.Lehen zatia, golik gabe amaitu zen (0-0).

Bigarren zatia nahasia izan zen. Osasunak eman zuen lehen abisua Cejudoren jaurtiketa batekin, baina Celta ez zen behera etorri, eta berera jarraitu zuen. Bigarren 45 minutu hauetan ere, gol aukerak urriak izan ziren. Minutuak pasa ahala Celta nagusitzen hasi zen, eta 69. minutuan Iago Aspasek 1-0ekoa sartu zuen. Augusto Fernandezek bikain erdiratu zuen, eta Iago Aspasek ez zuen barkatu Andres Fernandez atezainaren aurrean.

Gola hartuta, Osasuna saiatu zen berdinketaren bila joaten, baina ez zuen gol aukerarik sortzea lortu. Gainera, 83. minutuan, Arribasek bigarren txartel horia ikusi zuen eta talde gorritxoa, hamar jokalarirekin geratu zen. Celtak ondo kudeatu zuen markagailuan zuen aldea, baita jokalari bat gehiago izatearen abantaila ere. Azken minutuan Mario Bermejok biribildu zuen galiziarren garaipena, 2-0ekoa sartuta. Horrenbestez, hiru puntuak Celtak eraman zituen.

Fitxa teknikoa:

2 - Celta: Javi Varas; Jonny (Bellvis, 69. min), Cabral, Tuñez, Roberto Lago; Oubiña, Alex Lopez; Augusto Fernandez (Toni, 72. min), Bermejo, Krohn-Dehli; Iago Aspas (Bustos, 82. min).

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Betran, Arribas, Flaño, Damia; Raul Loe (Nino, 68. min), Annan; Lamah, Cejudo (Timor, 62. min), Sisi; Joseba Llorente (Kike Sola, 76. min).

Golak: 1-0 Iago Aspas, 68. min; 2-0 Bermejo, 90. min.

Epailea: Hernandez Hernandez.