Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak galdu egin du Gironaren etxean (2-0)

EITB Media

Gironak azkar sartu du lehendabiziko gola, eta gorritxoak ez dira gai izan partida berdintzeko arrisku nahikorik sortzeko. Bigarren gola norgehiagokaren amaieran iritsi da, eta Saviok egin du.

  • Portu eta Catena. Argazkia: EFE

    Portu eta Catena. Argazkia: EFE

Osasunak 2-0 galdu du Gironaren aurka gaur gauean Motilivin jokatu duen partidan, eta, ondorioz, Ligan porrotik jaso gabe zeraman lau jardunaldiko bolada ona amaitu zaio. Emaitza horrekin, gorritxoek zazpi puntura daukate Konferentzia Liga, eta katalanek bigarren tokian jarraituko dute sailkapenean.  

 

Partida hasieratik jarri da maldan gora Osasunarentzat; izan ere, Michelen taldea oso bizi atera da, eta oso azkar jarri da aurretik markagailuan. Tsygankovek egindako pasea baliatuta, Portuk area barrutik jaurtiz sartu du gola, 12. minutuan.

Gironak Sergio Herreraren ate aurrean egindako bigarren jaurtiketa izan da. Lehendabizikoan, baloia sarera bidali du Dovbykek, baina epaileak baliorik gabe utzi du gola, jokoz kanpo zegoelako.

Minutuek aurrera egin ahala, Osasunak Gironaren presioa gainditzea eta baloiari eustea lortu du, eta Gazzaingaren ate ingurura iritsi da. Mojicak eta Moncayolak area ertzetik egindako jaurtiketak izan dira gorritxoen aukerarik onenak.

Atsedenaldiaren ostean, Osasunak gorago egin du presioa, Gironaren baloi jabetza hausteko asmoz, baina ez du arrisku nahikorik sortu. Areago, 70. minututik aurrera, taldeak ordena galdu du, eta etxekoek lasaitasunaren golaren bila joateko baliatu dute.  

Gol hori partidaren azken minutuetan heldu da, eta Saviok egin du, Aleix Garciak orpoz pasea eman ondoren. Luzapenean, aldea gehiago handitzea saihestu du Sergio Herrerak. Horrela, punturik eskuratu gabe bueltatuko da Osasuna Iruñera.

Fitxa teknikoa:

2 - Girona: Gazzaniga; Eric, David Lopez, Blind, Miguel; Aleix Garcia, Ivan Martin (Jastin, 90+2 min.); Tsygankov (Yan Couto, 64. min), Portu (Jhon Solis, 80 min.), Savio (Pablo Torre, 90+2 min); eta Dovbyk (Stuani, 80 min.).

0 - Osasuna: Herrera; Areso (Ibañez, 88 min.), Unai Garcia, Catena, Herrando, Johan Mojica; Moncayola, Torro (Moi Gomez, 70 min.); Aimar, Ruben Garcia (Raul, 70 min.); eta Budimir (Jose Arnaiz, 88 min.).

Golak: 1-0, 13. min: Portu. 2-0, 86. min: Savio.

Epailea: Busquets Ferrer. Txartel horia atera die Ivan Martini (35. min), Eric Garciari (58. min), Yan Coutori (68. min), Herrandori (45. min), Aresori (72. min) eta Moi Gomezi (90+4. min).

Gertakariak: EA Sports Ligako 28. jardunaldia, Montilivi estadioan, 11.598 ikusleren aurrean.