Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak hiru puntu eskuratu ditu Getaferen aurka (3-2) Sadarreko partida zirraragarrian

EITB Media

Gorritxoek 3 eta 2 irabazi diote Madrilgo taldeari EA Sports Ligako 21. jardunaldiko partida. Osasuna bi goleko abantailarekin heldu da atsedenaldira; ondoren, Getafek berdindu egin du bigarren zatiko lehen 20 minutuetan; eta, azkenean, Aresoren gol bikainak eman dio garaipena Nafarroako taldeari.

  • Osasuna - Getafe

    Areso, Budimirrekin eta Mojicarekin, Getaferi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak 3 eta 2 irabazi dio Getaferi Sadarren jokatutako EA Sports Ligako 21. jardunaldiko partida. Gorritxoek bi goleko errenta lortu dute lehen zatian, Getafek berdindu egin du bigarren zatiko lehen 20 minutuetan, eta Aresok 80. minutuan sartutako gol ikusgarriak eman dio garaipena Nafarroako taldeari.

Ondo ekin dio neurketari Osasunak, eta gola sartu du bederatzigarren minutuan (1-0). Raul Garcia de Haro izan da golegilea, Pablo Ibañezen erdiraketa errematatuta.

Gorritxoen golaren ostean, Madrilgo taldearen erantzuna etorri da. Greenwoodek bi abagune argi izan ditu, baina Sergio Herrera atezainak eragotzi du gola bietan. Sustoa pasatuta, 31. minutuan, Iker Muñozek 2-0ekoa sartu du. Osasunako jokalariak David Soria atezaina gainditu du area kanpotik egindako jaurtiketarekin.

Atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan, Greenwood Getaferen desabantaila murrizteko zorian izan da, baina Sergio Herrerak gelditu egin du Erresuma Batuko aurrelariaren jaurtiketa.

Bigarren zatiaren hasieran, parekotasuna izan da nagusi. Etxeko taldeak izan du atsedenaldiaren osteko lehen abagunea, baina David Soriak gelditu egin du Raul Garcia de Haroren errematea.

Pixkanaka-pixkanaka, Getafe Herrerak babestutako ate ingurura gerturatzen hasi da, eta Borja Mayoralek desabantaila murriztu du 64. minutuan, Unalen pasea jaso eta baloia gorritxoen ate barrura bidalita (2-1).

Madrilgo taldearen golak min egin dio Osasunari. Getafek erasora jo du, eta Bordalasen taldeak 2 eta 2koa jarri du markagailuan, Maksimovicen golari esker. Erdilariak Herrera gainditu du korner jaurtiketa errematatuta.

Bi goleko errenta ezerezean utzi du Getafek. Hala ere, Osasunak ez du etsi, eta 80. minutuan aurretik jarri da berriro. Aresok 3-2koa jarri du markagailuan, gol ikusgarria eginez. Nafarroako jokalariak kornerreko banderaren ondotik erdiratu du, baloiak aurkariaren aterako norabidea hartu du, eta ate barrura sartu da.

Azken txanpan, erasora jo du Getafek, eta Osasunak laugarrena sartzeko aukera izan du. Soria atezainak, ordea, gorritxoen gola eragotzi du.

Hala, bada, Osasunak hiru puntu eskuratu ditu, Getafe 3 eta 2 menderatuta.

Fitxa teknikoa: 

3 – Osasuna: Sergio Herrera; Peña (Areso, 73. min), Catena, David Garcia, Juan Cruz, Mojica; Pablo Ibañez (Darko, 66. min), Iker Muñoz (Torro, 86. min), Moi Gomez (Aimar, 66. min); Raul Garcia de Haro (Arnaiz, 74. min), Budimir.

2 – Getafe: Soria; Djene, Alderete, Gaston (Jordi Martin, 46. min), Rico; Maksimovic, Milla, Aleña (Carmona, 46. min); Greenwood, Ünal, Mayoral.

Golak: 1-0, 9. min: Raul Garcia de Haro. 2-0, 30. min: Iker Muñoz. 2-1, 64. min: Mayoral. 2-2, 68. min: Maksimovic. 3-2, 80. min: Areso.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Raul Garcia de Haro, Moi Gomez, David Garcia eta Juan Cruz Osasunako jokalariei, baita Milla, Iglesias, Carmona eta Maksimovic Getafeko futbolariei ere.