Osasuna
Hamabost hilabeteko lesioa
Masoud itzultzeko prest, lesio larria gaindituta
Erredakzioa
Osasunako jokalariak taldearen eta zaleen babesa eskertu du, uste baino denbora gehiago geldituta egotea behartu duen lesioa izan eta gero.
-
Masoud, itzultzeko prest. EITB.
Masoud Shojaei Osasunako jolakaria denboraldi honetan itzultzeko prest dago, lesio batengatik hamabost hilabete geldituta egon ondoren. Irandarra emozionatuta agertu da prentsaurrekoan, eta lesioak behartutako geldiune “gogorrean” jasotako babesa eskertu du. “Inon ez dut Osasunan bezalako sentimendurik izango”, esan du.
Ezker oineko bosgarren metatartso-hezurra hautsita, 2011ko apirilaren 3an gelditu behar izan zuen, aurtengo denboraldiaren hasiera arte, Osasunako zaleen aurrean itzuli ahal izango da, behingoz. Normalean, Masoudek izandako lesio motak hiru hilabetez geldiarazten ditu jokalariak, baina irandarrari sei aldiz egin behar izan diote ebakuntza.
Masoudek prentsaurrekoa gelditu behar izan du, emozionatuta. Ez du inoiz futbola uztea pentsatu: “Negar egitetik hurbil egon naiz. Ez zen normala. Ez dut inoiz pentsatu, baina batzuetan oso triste nengoen, batez ere hirugarren aldiz operatu behar nindutela esan zidatenean. Oso une gogorra izan zen”. Orain, irandarrak Osasunaren babesa “zelaian itzuli” nahi die zaleei. “Inoiz ez naiz familiatik edo etxetik urrun sentitu, asko lagundu didatelako”, esan du.
Nekounam herrikidea Osasunatik joan izanak berarengan eraginik izango ez duela esan du Masoudek. Berriz jokatzea baino ez dauka buruan: “Erritmo pixka bat falta zait eta entrenamendu zein partida bakoitzean hobetu behar dut. Hamabost hilabeteren ostean, zaila da bat-batean itzultzea, baina lehenbailehen izatea nahiko nuke”.