Itxi

Osasuna

ERREGE KOPA

Osasuna eta Reala, Kopako final laurdenetarako txartelaren bila

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bi taldeak azken partiduak galduta iritsiko dira derbira. Gorritxoek ezin izan zioten Bartzelobari irabazi Superkopako finalaurrekoetan; Realak, berriz, 2-1 galdu zuen Athleticen kontrako Ligako derbian, San Mamesen.

  • Osasunak eta Realaren Ligako derbiko artxiboko irudia

    Osasunak eta Realaren Ligako derbiko artxiboko irudia. EFE

Osasunak eta Realak Errege Kopako final zortzirenetako neurketa jokatuko dute asteazken honetan, Sadarren, 21:00etatik aurrera. Bi taldeak garaipenaren bila zelairatuko dira; final laurdenetarako txartela lortzeko, batetik, eta azken norgehiagoketako porrotei buelta emateko, bestetik. Izan ere, gorritxoek galdu egin zuten Bartzelonaren kontra, Superkopako finalaurrekoan; Imanol Alguacilen taldeak, berriz, hiru puntuak San Mamesen utzi zituen joan den larunbatean, Athleticen aurkako Ligako derbian.

Halaber, talde nafarrak alde batera utzi nahi ditu Realaren aurreko azken hitzorduetan izandako emaitza txarrak. Errege Kopan, orain dela lau urte aritu ziren elkarren kontra azkenekoz, eta Realak lortu zuen orduan final laurdenetara aurrera egitea, Osasuna 3-1 mendean hartuta.

Ligan, bana amaitu zen joan den abenduan Sadarren izandako derbia. 2012ko maiatzaren 5az gero, Osasunak ez du Reala garaitzea erdietsi. Ordutik, sei partida berdindu eta beste hamar galdu ditu Osasunak Imanolen mutilen aurrean.

Zubimendi, azken orduko baja

Martin Zubimendi Realeko jokalariak ezin izango du Osasunaren aurka jokatu, azken orduko baja delako. Beraz, Odriozolarekin eta Carlos Fernandezekin batera, deialditik kanpo geratu da. Bere ordez, Pablo Marin sartu du Imanolek. Kubo eta Traore ere ez daude, norbere selekzioarekin jokatzen ari direlako. Andre Silva eta Sadiq, ordea, jokatzeko prest daude.

Bestetik, Osasunari dagokionez, Chimy Avilak errekuperatzen jarraitzen duenez, ezingo du jokatu.