Osasuna
Emakumezkoen taldea
Osasunak berariazko zuzendaritza batzordea sortu du emakumezkoen taldearentzat
EITB MEDIA
Erabakiaren helburua da emakumezkoen taldeak espezializazio, jarraipen, hurbiltasun eta bizkortasun handiagoak izatea, kirol kudeaketan.
-
Zuzendaritza Batzorde berria. Argazkia: Osasuna.
Osasunaren emakumezkoen taldeak zuzendaritza sendotu egin du, berariazko zuzendaritza batzordea sortuta, Iruñeko klubak ostegunean iragarri duenez. Erabakiaren helburua da emakumezkoen taldeak espezializazio, jarraipen, hurbiltasun eta bizkortasun handiagoak izatea, kirol kudeaketan.
Testuinguru horretan, Cesar Muniainek presidentea izaten jarraituko du, eta hauek izango dira harekin batera: Natividad Diaz, Eva Gloria Gracia, Maria Isabel Perez eta Luis Sabalza. Hain zuzen ere, Natividad Diaz presidenteordea izango da, Eva Gloria Gracia diruzain ibiliko da eta Maria Isabel Perez idazkari lanetan arituko da. Orain arte, Zuzendaritza Batzordeko kideak gizonezkoen taldekoak ziren.
Osasunaren emakumezkoen taldearen ohiko funtzionamenduan, aldiz, ez da aldaketarik izango; alegia, Osasunaren mendeko kluba izaten jarraituko du.
Emakumezkoen Osasuna Fundazioaren barnean dago kluba, eta, hortaz, erakunde horri eragiten dieten erabakiak Patronatuan hartzen jarraituko dute. Horretan erakunde hauek ere badaude: Ardoi, Kirol Sport, Gazte Berriak, Zarramonza, Berriozar, Iruntxiki eta Burlades (alegia, Fundazioan dauden guztiak, Lagunak izan ezik).