Itxi

Osasuna

Superkopa

Osasunak urtarrilaren 11n jokatuko du, Bartzelona aurkari, Superkopako finalerdia, Saudi Arabian

EITB MEDIA

Osteguna da egun hori, eta partida Euskal Herriko 20:00etan jokatuko dute, Riad Saudi Arabiako hiriburuan. Real Madril-Atletico Madril finalaurrekoa urtarrilaren 10erako dago iragarrita, eta finala urtarrilaren 14an jokatuko dute.

  • Osasunako hainbat jokalari, Kopako finalean, Lucas Torrok gola sartu eta gero. Argazkia: EFE.

    Osasunako hainbat jokalari, Kopako finalean, Lucas Torrok gola sartu eta gero. Argazkia: EFE.

Osasunak urtarrilaren 11n jokatuko du, Bartzelona aurkari, 2023-24 denboraldiko Superkoparen finalerdia, asteazkenean Espainiako Futbol Federazioak baieztatu duenez. Osteguna da egun hori, eta partida Euskal Herriko 20:00etan jokatuko dute, Riad Saudi Arabiako hiriburuan, Al-Awwal Park futbol zelaian. Real Madril-Atletico Madril finalaurrekoa urtarrilaren 10erako dago iragarrita, eta bi finalerdietako garaileak nor baino nor gehiago jarriko dituen finala urtarrilaren 14an jokatuko dute, 20:00etan hori ere.

2022-23 denboraldian Errege Kopako txapeldunordea izan zelako jokatuko du Osasunak Superkopa. Talde gorritxoaren lehen aurkariak, Bartzelonak, Liga irabazi zuen aurreko denboraldian; Kataluniako taldea, halaber, Superkopako egungo txapelduna da.

Lehen aldiz parte hartuko du Osasunak txapelketa honetan. Gainerako hiru taldeek, aldiz, palmaresean dute: Bartzelonak hamalau aldiz bereganatu du, Real Madrilek hamabitan, eta Atletico Madrilek bitan.