Osasuna
Itzuliko partida
Osasunak azken entrenamendua egin du Taxoaren, Belgikara abiatu aurretik
Agentziak | EITB MEDIA
Taldeak Ostendera bidaiatuko du asteazken honetan, arratsaldean Jam Breydel estadioan entrenatu nahi duelako, itzuliko neurketaren bezperan.
-
Osasunako zenbait jokalari, gaur egindako entrenamenduan. Argazkia: EFE
Osasunak azken entrenamendua egin du goizean Taxoaren, Brujasen aurkako kanporaketari buelta emateko asmoz Belgikara bidaia egin aurretik. 1-2 galdu zuten gorritxoek ostegunean Iruñean jokatutako Konferentzia Ligako joaneko partidan.
Gorritxoak ilusioz daude LaLiga EA Sportsen Valentziaren aurka garaipena lortu ostean. Nacho Vidalek 95. minutuan egindako golak mutu utzi zituen Mestallako zaleak.
Jagoba Arrasatek hiru entrenamendu ditu bakarrik Brujasen aurkako norgehiagoka garrantzitsua prestatzeko. Kirol mailan, Belgikako taldea kanporatuko balu, multzoen fasea jokatuko luke berriro, 16 urteren ostean. Arlo ekonomikoari dagokionez, Konferentzia Ligan aurrera egiteak bultzada ekonomikoa emango lioke taldeari, eta, ondorioz, beste fitxaketaren bat egiteko aukera.
Abderen izenak indarra hartu du berriro azken orduetan. Marokoarrak ez du berak nahi duen protagonismoa Bartzelonaren jokoan, eta irteera bat bilatzen ari omen da. Horren ezaugarriak Arrasateren premiak asetzeko modukoak lirateke, eta horrek, jokalaria iaz Iruñean egon zela kontuan izanda, horren alde egitea dakar.
Goizeko entrenamenduan, taldeak penalti jaurtiketak landu ditu; beraz, Arrasatek ez du kanporaketaren bilakaeran ezer baztertzen.
Ostegunera begira, Chimy Avila jokatzeko moduan dago, Valentziaren aurka zigortuta egon ostean. Argentinarrak sartu zuen Osasunak Brujasi egindako gol bakarra.
Asteazkenean, taldeak Ostendera bidaiatuko du, arratsaldean Jam Breydel zelaian entrenatu ahal izateko, partida historikoa izan daitekeenaren atarian.
Neurketa zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, ostegunean, 20:30etik aurrera.