Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Nacho Vidalek hiru puntuak eman dizkio Osasunari Mestallan jokatutako partida gogor batean (1-2)

I. G. | EITB MEDIA

Nafarroako taldeak aurrea hartu du lehen zatian Aimar Orozek sartutako penalti baten bidez, eta Hugo Durok markagailua berdindu du amaitzeko 10 minutu falta zirenean, baina luzapenean Nacho Vidal agertu da bere taldeari garaipena emateko, bizkarrez errematatuz.

  • Nacho Vidal bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Nacho Vidal bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipena lortu du igande honetan Mestallan Valentziari 1-2 irabazita EA Sports Ligako hirugarren jardunaldian. Nafarroako taldeak aurrea hartu du lehen zatian Aimar Orozek sartutako penalti baten bidez, eta Hugo Durok markagailua berdindu du amaitzeko 10 minutu falta zirenean, baina luzapenean Nacho Vidal agertu da bere taldeari garaipena emateko, bizkarrez errematatuz.

Valentzia - Osasuna partidako laburpena

Valentziak eman du partidako lehen sustoa, Hugo Durok atezainaren aurrean bakarrik jartzeko pasea jasota, baina Sergio Herrera azkar ibili da korrika irten eta baloia urruntzeko. Gaya ere urrutitik saiatu da, baina horren jaurtiketa oso desbideratuta joan da.

Hala ere, jokoa parekatuta hasi da eta bi taldeak hegaletik erasotzen saiatu dira. Pablo Ibañezek izan du lehena gorritxoentzat. Lasterka joan da, eta, jauriketa egitera zihoanean, Thierryk lurrera bota du. Epaileak kornerra adierazi du hasiera batean, baina, VARarekin kontsultatu ostean, penaltia adierazi du. Aimar Orozek jaurti, eta aurretik jarri du Osasuna (0-1).

Golaren ostean, bi taldeek erasora jo dute, azken metroetan benetako arriskurik sortu gabe. Jose Arnaizek areako aurrealdetik egin behar zuen jaurtiketa, baina atzelari baten hankarekin egin du topo. Atsedenaldiaren atarian, Catenak aldea handitu ahal izan du, falta jaurtiketa bat buruz erramatatuta, baina gora joan zaio. Valentziak ere izan du abagunerik, baina gorritxoen hormak sendo eutsi die eraso guztiei.

Bigarren zatian, Nacho Vidal sartu berria area paretik bolea batekin saiatu da, korner baten aldaratzean, baina horren jaurtiketa gora joan da.

Valentzia berdinketa lortzeko zorian izan da 70. minutuan, jaurtiketa bikoitz baten bidez; Almeidaren lehenengoa Herrerak gelditu du, eta Hugo Duro aldaratzea baliatzen saiatu da, baina ez du ondo jo eta kanpora joan zaio.

Osasunak pauso bat eman du atzera, eta eraso egiten baino gehiago emaitza defendatzen saiatu da. Valentzia etengabe heldu da gorritxoen areara, eta, erdiraketa batean, Hugo Duroren gola iritsi da, buruz (1-1).

Valentziak presioa egiten jarraitu du, eta Sergio Herrerak berriro agertu behar izan du Thierryri baloia lapurtzeko, batzuk gola ospatzen hasita zirenean.

Bukatu aurretik, markagailua ez zela mugituko ematen zuenean, Nacho Vidal korner batean agertu da, bizkarrez errematatuz baloia sarera bidalita bere taldeari garaipena emateko (1-2).

Fitxa teknikoa

1 - Valentzia: Mamardashvili, Thierry, Cenk, Gabriel Paulista (Mosquera, 75. min), Gayà; Diakhaby (Almeida, 46. min), Pepelu, Javi Guerra; Diego López (Canós, 75. min), Fran Pérez (Foulquier, 58. min) eta Hugo Duro.

2 - Osasuna: Herrera, Areso (Peña, 77. min), Catena, David Garcia, Juan Cruz; Pablo Ibañez, Iker Muñoz, Aimar Oroz (Moncayola, 67. min); Barja (Nacho Vidal, 46. min), Raul Garcia (Budimir, 74. min) eta Arnaiz (Mojica, 67. min)

Golak: 0-1, 24. min: Aimar Oroz, penaltiz. 1-1, 80. min: Hugo Duro. 1-2, 94. min: Nacho Vidal.

Epailea: Pulido Santana. Txartel horia atera die Thierry, Hugo Duro, Diakhaby, Barja eta Muñoz jokalariei.