Osasuna
Konferentzia Liga
Brujas izango da Osasunaren aurkaria Konferentzia Ligaren play-offean
Agentziak | EITB MEDIA
Joaneko neurketa Sadar futbol-zelaian jokatuko dute abuztuaren 24an, 20:30ean; itzulikoa, berriz, astebete geroago, abuztuaren 31n, Jan Breydel estadioan, Brujasen.
-
Osasunaren artxiboko argazkia bat. EFE
Osasunak Brujasen kontra jokatuko du Konferentzia Ligako play-offetako hirugarren errondan. Izan ere, Belgikako taldeak KA islandiarra menderatu du ostegun honetan, Reykjaviken, Roman Yaremchuken, Dedryck Boyataren eta Michal Skorasen golei esker. Kanporaketako azken emaitza 1-5 izan da.
Hala, talde gorritxoak multzoen fasera eraman dezakeen azken play-offa jokatuko du Brujasen aurka. Joanekoa abuztuaren 24an izango da, Sadarren, 20:30ean hasita; itzulikoa, berriz, astebete geroago, Brujasen, Jan Breydel estadioan.
Brujasek 18 aldiz irabazi du Belgikako liga, horietatik hiru azken lau urteotan (iaz ez zuen lortu). Denboraldi honetan, zazpi neurketa ofizial jokatu ditu (lau, Konferentzia Ligan, eta hiru, Belgikako ligan), eta guztira bost irabazi ditu, bat berdindu eta bat galdu. Lau garaipen daramatza jarraian, eta horietan egin ditu orain arte sartutako 20 goletatik 16.
Osasunaz gain, Unai Emeryren Aston Villak ere jakin du nor izango duen aurrean hurrengo fasean: Hibernian eskoziarra. Halaber, Fiorentinak Rapid Viena izango du aurkari, Lillek Rijeka eta Eintracht Frankfurtek Levski Sofia.