Osasuna
Denboraldiaurrea
Osasunak 1-2 menderatu du Burgos, denborraldiaurreko azken lagunartekoan; Orozek eta Torrok egin dituzte golak
EITB MEDIA
Jagoba Arrasateren taldea 0-2 aurreratu da Plantion, lehiaketa ofizialari ekin aurretik aurreikusita zuten azken partidan, eta Burgosek azken minutuetan egin du 1-2koa, Osasunak bigarren gola sartu eta berehala.
-
Osasunako jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Osasunak 1-2 menderatu du Burgos, Plantio futbol zelaian, ostiral arratsaldean, Nafarroako taldean denboraldiaurrean zuen azken lagunarteko partidan. Aimar Orozek eta Lucas Torrok egin dituzte gorritxoen golak, 17. eta 80. minutuetan hurrenez hurren, eta Borja Gonzalezek sartu du 1-2koa, 85. minutuan.
Lehen zatian, Osasuna nagusi izan da, eta 0-1ekoa egin du. Aimar Orozek sartu du gola, 17. minutuan; aratzuriarrak etxeko taldearen atezainaren aldaratze bat baliatu du, baloia sareetara bidaltzeko. Kike Garciak egin du jaurtiketa, area ertzetik, eta Carok ez du baloia harrapatu; Oroz, trebe, hanka sartu eta gola egin du. Jagoba Arrasateren gizonak bigarren gola sartzen saiatu dira, markagailuan alde oso nabarmena harrapatu nahirik, baina ez da beste aldaketarik izan aurreneko 45 minutuetan.
Bigarren zatian, nabariagoa izan da Osasunaren nagusitasuna. Kopako egungo txapeldunordeak hainbat jokalditan izan du gertu 0-2koa. Azkenean, 80. minutuan, Chimy Avilak penalti puntura atera du korner bat, eta Lucas Torrok, burukada bikain baten bidez, neurketa erabakita utzi duen gola sartu du. Beste behin, Osasunak erakutsi du indartsua dela estrategian, eta baliabide asko dituela baloia ondo erdiratu eta buruz errematatzeko.
Osasunaren atzelariak finegi ibili ez diren jokaldi batean, Borja Gonzalezek, bakar-bakarrik arean, ezkerretik iritsi zaion erdiraketa bat baliatu du, 1-2koa sartzeko. Denbora oso laburra geratzen zen amaierarako, eta Osasunak ez du arazorik izan emaitzari eusteko.
Horrela amaitu da, beraz, Osasunaren denboraldiaurrea. Goizean, beste lagunarteko bat jokatu dute Jagoba Arrasateren mutilek, Taxoaren, Alavesen aurka; talde gasteiztarra 2-3 gailendu du partida horretan.
Fitxa teknikoa
1 - Burgos: Caro, Raul Navarro (Borja Gonzalez 70. min), Cordoba, Grego Sierra (Goldar 70. min), Ander Martin (Lopez Pinto 85. min), Mumo (Matos 70. min), Elgezabal (Del Cerro 85. min), Ojeda (Andy 70. min), Bermejo (Edu Espiau 59. min), Curro (Alex Sancris 70. min) eta Fer Niño.
2 - Osasuna: Herrera, Areso, David Garcia, Catena, Cruz, Arnaiz, Moncayola, Torro, Aimar Oroz (Xabi Huarte 70. min), Kike Garcia, Chimy Avila.
Golak: 0-1 17. min: Aimar Oroz. 0-2 81. min: Torro. 1-2 86. min: Borja Gonzalez.
Epailea: De Burgos Bengoetxea (Euskal Batzordea).