Itxi

Osasuna

Konferentzia Liga

UEFAk beste 48 orduko epea eman die Osasuna auziko ikertzaileei, txostena osatzeko

EITB Media

Talde gorritxoari irekitako diziplina ikerketako ikertzaileek beste bi eguneko epea eskatu diote UEFAren Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeari, eta honek onartu egin du eskaria. Beraz, Osasunak itxaron egin beharko du Konferentzia Liga jokatu ahalko duen jakiteko.

  • Osasuna - Athletic Club

    Santander Ligako azken Ossuna - Athletic euskal derbiko jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Osasunak itxaron egin beharko du Konferentzia Liga jokatu ahalko duen jakiteko. Izan ere, asteazken honetan, ekainaren 21ean, UEFAk jakinarazi du beste 48 orduko epea emango diela ikertzaileei txostena osatzeko.

Ikertzaileek beste bi egun eskatu dizkiote UEFAren Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeari txostena bukatzeko, eta honek onartu egin du atzerapena. Beraz, Osasunak oraindik ez daki 2023-2024 denboraldian Konferentzia Liga jokatu ahalko duen ala ez.

Ekainaren 7an UEFAk Osasunaren inguruko ikerketa agindu zuen, 2023-2024ko Konferentzia Ligan onartu aurretik. Auzitegi Gorenak Osasuna auziarekin lotuta emandako epaia argitu nahi zuen. Hala, talde nafarrak gogora ekarri zuen epaiak erantzukizun penaletik salbuetsi zuela klub gorritxoa, 2014ko partida batzuetan iruzur egin izana egotzita, eta, hortaz, Osasunak espero du txostena bere interesen aldekoa izatea.

Osasuna auzia

Osasuna auzian, Nafarroako Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo zuen Osasunako Zuzendaritzako zenbait kidek2013-2014 denboraldian dirua eman zietela Antonio Amaya eta Xavi Torres Betiseko jokalariei, "kirol lehiaketaren emaitzak manipulatzeko".

2020ko apirilean, Auzitegiak zigortu egin zituen Angel María Vizcay Osasunako gerente ohia, Miguel Archanco presidente ohia, Juan Antonio Pascual eta Jesus Peralta Zuzendaritza Batzordeko kide ohiak, Sancho Bandres diruzain ohia, Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezin agenteak, eta Antonio Amaya eta Xavi Torres Betiseko jokalari ohiak.

2023ko urtarrilean, Auzitegi Gorenak espetxe zigorrak murriztu zizkien bederatzi kondenatuei.