Itxi

Osasuna

KONTRATU LUZATZEA

Osasunak 2024ra arte berritu du Brasanacen kontratua

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Erdilari serbiarrak denboraldi honen amaierara arte zeukan lotura talde gorritxoarekin, baina lesio larri bat izan du, eta Osasunak haren kontratua berritzea erabaki du.

  • Darko Brasanac

    Darko Brasanac. Artxiboko argazkia: EFE

Darko Brasanac serbiarrak Osasunako jokalaria izaten jarraituko du datorren denboraldian ere, Iruñeko taldeak beste denboraldi batez luzatu baitu 2023ko ekainean amaitzekoa zen erdilariaren kontratua. Ondorioz, Brasanacek 2024ra arte jarraituko du gorritxoen elastikoa janzten. Hala jakinarazi du ostiral honetan Osasunak berak ohar baten bidez.

Talde gorritxoak hartutako erabakia erdilariak duela egun gutxi jasandako lesio larri baten ostean iritsi da. Izan ere, Brasanacek lotailu gurutzatua eta kanpoko meniskoa hautsi zituen iragan larunbatean, Elxen aurkako neurketan, eta zazpi hilabete inguru egongo da jokatu ezinik.

Jokalari serbiarrak (31 urte) 2019tik darama Osasunan jokatzen, eta ordutik 118 aldiz izan da berdegunean. Aurten, besteak beste, 25 partida zituen jokatuta Santander Ligan (guztira, 28 izan dira), eta bederatzitan titular ibili da. Gol bat egin du, eta Kopan beste bat; azken txapelketa horretan, Osasunak jokatutako zazpi partidetan zelairatu du Jagoba Arrasatek, lau aldiz hasieratik.

Argitaratutako oharrean Osasunak lesioa "lehenbailehen eta erabat sendatzea" opatu dio bere jokalariari, eta "bere maitasuna" igorri nahi izan dio "bere ibilbideko etapa honetan".