Osasuna
KOPAKO FINALA
Osasunako bazkideen % 95ek Cartujarako sarrera izango dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Finala jokatuko duen klub bakoitzak edukieraren % 40 izango dute, eta Espainiako Federazioak beste % 20 gordeko du.
-
Zale gorritxoak finalerako sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE
Osasunak jakinarazi duenez, bazkideen % 95ek maiatzaren 6an Sevillan jokatuko den Kopako finalerako sarrera izango dute, eta ehuneko hori handitzea espero da, zale gorritxo gehienek Cartujako harmailak har ditzaten. Sarrerak antzinatasunaren arabera banatuko dituzte.
Nafarroako klubak Espainiako Futbol Federazioarekin eta Real Madrilekin izandako bilera batean parte hartu du gaur goizean, eta finalerako antolakuntzaren inguruko erabakiak hartu dira bertan.
Topaketa honetan, lehiaketaren antolatzaileak jakinarazi du sarrerak aurreko edizioan egin zuten bezala banatuko dituztela: klub bakoitzak sarreren % 40 jaso zituen, eta RFEF bera gainerakoekin geratu zen. Hala ere, federazioak jakinarazi du Sevillako estadioaren edukiera 51.602 pertsonara murriztuko dela final honetarako; 2022an, 53.387 ikusle bildu ziren bertako harmailetan.
Osasunak ia 20.000 bazkide ditu, eta sarrerak esleitzeko orduan erakundeak erabiliko duen irizpidea antzinatasuna izango da. Kluba lanean ari da dagoeneko sarrera gehiago lortzeko eta estadioan izango den bazkide kopurua handitzeko. Sarrerak 39 eta 231 euro artean salduko dituzte.
Bazkideen sarrerak sobran egonez gero, "Gorritxoa Naiz" txartela duten jarraitzaileek izango dute lehentasuna, horiek ere antzinatasunaren arabera. Datozen egunetan emango ditu klubak prozesuari buruzko xehetasun gehiago.
Bazkide gorritxoek Sevillako estadioaren hego harmaila osoa hartu aurretik, Osasunako zale guztiek Fernando Magallanes parkean kokatuko den gunean biltzeko aukera izango dute, Sevilla dorrearen azpian eta Triana auzo ezagunaren ondoan.