Itxi

Osasuna

Errege Kopa

Osasunak Kopako finalerdietarako txartela lortu du Sevilla mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Talde gorritxoak irabazi egin du Sadarren jokatu duen Errege Kopako final-laurdenetako neurketa 2-1eko emaitzarekin, eta finalerdiak jokatuko ditu. Chimy Avilak sartu du lehen gola, En-Nesyrik jarri du banakoa markagailuan, eta, luzapenean, Abderen gola erabaki du norgehiagoka.

5:13
Chimy Ávila Osasunaren lehen gola ospatzen

Osasunak Errege Kopako finalerdiak jokatuko ditu, asteazken honetan (urtarrilaren 25ean) Sevillari irabazita (2-1), Sadarren jokatu den final-laurdenetako partida.

Lehen zatia parekatua eta abagune gutxikoa izan da. Hasieran, talde bisitaria izan da nagusi, baina ez du gola sartzeko aukera argirik sortu. Ondoren, gorritxoek izan dute baloi-jabetza, baina aurkariaren atera arrisku handirik eraman gabe. Kike Barjak 26. minutuan kanpora botatako errematea izan da neurketako lehen abagunea Osasunarentzat. Hiru minutu beranduago, ordea, Unai Garciak izan du aukera; Nafarroako jokalariaren burukada gora joan da.

Sevillak ere izan du gola sartzeko abagune bat lehen 45 minutuetan, baina Rafa Mirrek barkatu egin du Sergio Herrerak babestutako ate aurrean. Gauzak horrela, golik gabeko berdinketarekin amaitu da lehen zatia.

Atsedenaldiaren ostean, bi taldeak erasokorrago zelairatu dira. Neurketako 54. minutuan Bono Sevillako atezainak eragotzi du Osasunaren gola Chimy Avilaren erremateari erantzun bikaina emanda. Hamahiru minutu beranduago, Sergio Herrera atezaina izan da protagonista, talde bisitariaren gola saihestu baitu Moncayolak desbideratu duen Lamelaren erdiraketaren ostean gelditu ona eginda. Ia jarraian, Rafa Mirrek kanpora bidali du baloia Acuñaren pasea jaso ondoren.

Bigarren zatiko lehen ordu laurdenaren ostean, sufritzea egokitu zaio Osasunari 60 eta 70.minutue artean. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak eutsi egin dio aurkariaren bolada onari, eta, gainera, gola sartu du 71. minutuan: Chimy Avilak jarri du 1-0ekoa markagailuan, area barruan errematea egin eta Bono atezaina gaindituta.

Gola jasota, berdinketaren bila jo du Sevillak. Andaluziako taldeak 82. minutuan izan du abagunea, baina Sergio Herrerak gelditu egin du Nianzouk area kanpotik egindako jaurtiketa.

Norgehiagoka erabakita uzteko aukerak izan ditu Osasunak amaieran. Budimerrek bi abagune izan ditu; lehenengoan kanpora joan zaio jaurtiketa baloiak aurkari batengan jota, eta, bigarrenean, buruz egin duen erremateak ez du atea topatu oso gutxigatik.

Gorritxoek barkatu egin dute aurkariaren ate aurrean. Sevilla ezinean ibili da, baina ekinean jarraitu du, eta berdinketaren gola sartu du 95. minutuan; En-Nesyrik ate barruan sartu du baloia (1-1) hegaletik Susok egin duen erdiraketa errematatuta. Ondorioz, Sevillak luzapena behartu du.

Nagusi izan da Sevilla luzapeneko lehen minutuetan. Baloiaren jabe egin dira Sampaolik zuzentzen dituen mutilak, eta hegaletik egindako erdiraketen bidez saiatu dira gola lortzen; baina, Osasunak ondo eutsi dio, defentsako lanean sendo egonda. Kosta egin zaio erasora jotzea Osasunari. Hala ere, 100. minutuan, Sevillak baloia galdu du zelai erdian, pase sakona jaso du Abdek, driblinarekin Bade atzean utzi du, eta Bono gainditu du area barrutik egin duen jaurtiketarekin (2-1).

Luzapeneko bigarren zatian erasora jo du Sevillak. Osasuna sendo egon da defentsan, eta ez dio aukera askorik eman aurkariari. Hala ere, Andaluziako taldeak gertu izan du gola 110. minutuan, baina Sergio Herrerak baloia atean sartzea eragotzi du Jordanen jaurtiketa indartsua desbideratuta.

Azkn hamar minutuetan ez du sufritu Osasunak, gol bateko abantailari eutsi dio, eta talde gorritxoak finalerdietarako txartela eskuratu du partida irabazita (2-1).

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola (Diego Moreno, 101. min), Unai Garcia, David García, Juan Cruz; Moi Gomez (Aridane, 92.min), Torro, Aimar Oroz (Darko, 81. min); Chimy Avila (Budimir, 81. min), Kike García (Ruben Garcia, 69. min) eta Kike Barja (Abde, 69. min).

1 – Sevilla: Dmitrovic (Bono, 46. min); Montiel (Navas, 77. min), Bade, Nianzou (Suso, 88. min), Gudelj (Rekik, 96. min), Acuña; Jordan, Rakitic, Lamela, Ocampos (Torres, 62. min); eta Rafa Mir (En-Nesyri, 77. min).

Golak: Chimy ÁAvila 1-0 (71. min), En-Nesyri 1-1 (94. min), Abde 2-1 (99. min).

Epailea: De Burgos Bengoetxea. Epailea laguntzaileak: Diaz Perez del Palomar eta Nuñez Fernandez. Epaileak txartel horiak atera dizkie Moncayola, Nianzou eta Lamela jokalariei.