Itxi

Osasuna

KOPA

Osasunak aurrera egin du Kopan Fuentes gaindituta (1-4)

A. B. R | EITB MEDIA

Gorritxoak atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi dira, baina bigarren zatian lehia erabaki dute. Brasanac, Nacho Vidal eta Kike Garcia birritan izan dira golegileak Arrasatek zuzentzen duen taldean.

4:39
Kike Garcia

Osasunak nagusitasunez gainditu du Fuentesen aurkako Errege Kopako kanporaketa (1-4). Gorritxoek bigarren zatian erabaki dute lehia, atsedenaldira berdinduta (1-1) iritsi ostean. Arrasatek zuzentzen duen taldean Brasanac, Nacho Vidal eta Kike Garcia, azken hau birritan, izan dira golegileak.

Arrasatek berritasunez jositako hamaikakoa zelairatu du San Miguel Berria futbol zelaian. Lehen hamar minutuetan partidaren aginte-makila hartzea kostatu zaio Osasunari. Etxeko taldea ilusioaren hauspoarekin lehiakor atera da, baina lehen minutuak igarota gorritxoak jaun eta jabe izan dira.

Lehenengo abagune argia 10. minutuan iritsi da: Kike Barjak erdiraketa bikaina egin du ezker hegaletik Ante budimir bilatuz, aurrelari kroaziarrak errematea egin du, baina bere burukada kornerrera bidali du Borja Leon etxekoen atezainak. Fuentes taldea sufritzen hasi da eta handik 5 minutura jokaldi ia bera josi du Osasunak; oraingo honetan, Roberto Torresen eskuinkada bortitza desbideratu du kornerrera atezainak.

Osasunaren erasoak bata bestearen atzetik iristen hasi dira; batez ere, erdiraketen bitartez, baina Budimir eta Kike Garcia ez dira fin ibili ate aurrean. Osasunako aurrelariek ez dituzte baliatu izandako aukera garbiak, eta, azkenean, Darko Brasanac izan da markagailua ireki duena 41 minutuan: Ruben Peñak eskuin hegaletik enegarren erdiraketa egin ostean Roberto Torresek baloia orraztu du, eta Brasanacek arratsaldeko lehenengoa egin du (0-1), bigarren zutoinean eskuinez baloia gurutztau eta atezaina gaindituta.

Hainbeste aukera huts egin ostean, Osasunak zailena egitea lortu duenean, etxekoek banakoa jarri dute markagailuan 44. minutuan. Baloi luze baten ostean Alvaro Requeno aurrelariak bakarkako jokaldi aparta egin, eta area barnetik Juan Perez atezaina gainditu du etxekoen eromenerako (1-1). Horrela, atsedenaldira iritsi da norgehiagoka.

Bigarren 45 minutuak hasi bezain pronto gorritxoek berriz ere aurrea hartu dute: Roberto Torresek eskuin hegaletik pasea eman dio Nacho Vidali eta zelairatu berria zen atzelariak gola sartu du (1-2). Golak lasaitasuna eman dio Osasunari eta Arrasatek zuzentzen duen taldeak hirugarrenaren bila jo du.

54. minutuan Manu Sanchez eta Kike Barjaren arteko jokaldia Kike Garciari iritsi zaio, aurrelari murtziarrak boleaz egin duen errematea ezin izan du gelditu Leon atezainak (1-3). Ez da Kike Garciaren gol bakarra izan, izan ere, 64. minutuan Kike Barjak ezkerretik egindako erdiraketa baliatu du Garciak buruz bere bigarren gola lortzeko (1-4).

Hortik aurrera Osasunak erritmoa apaldu du eta partida tentsioa galduz joan da. Etxeko taldeak aukera aparta izan du bigarrena sartzeko partidako azken jokaldian, baina Rocharen burukada gora joan da. Horrela gauzak, Osasunak nagusitasunez gainditu du kanporaketa, eta asteazkeneko zozketan egongo da.

Fitxa teknikoa:

1 - Fuentes: Borja; Luimi (Roche, 79.min), Jesus Rubio, Casaló, Jorge Salvador; Briz, Goez, Oscar Gutierrez (Diego Martinez, 66.min), Garin (Latorre, 73.min); Isaac (Esteban, 73.min) y Requeno (Molinero, 73.min).

4 - Osasuna: Juan Perez; Rubén Peña (Nacho Vidal, 46.min), Aridane, Herrando, Manu Sanchez; Torres, Pablo Ibañez, Darko Brasanac, Kike Barja (Ruben Garcia, 71.min); Budimir y Kike García.

Golak: 0-1. 12.min Darko Brasanac; 1-1. 44.min Requeno; 1-2 49.min Nacho Vidal; 1-3. 54.min. Kike García; 1-4. 63.min. Kike Garcia

Epailea: Munuera Montero (Andaluzia)