Osasuna
Santander Liga
Osasunak denboraldiko hirugarren garaipena lortu du Rayo Vallecano mendean hartuta
EITB Media
Talde gorritxoak hiru puntuak bereganatu ditu Sadarren jokatu duen partidan. Aimar Orozek sartu du partidako lehen gola Nafarroakoentzat, baina Lejeunek banakoa jarri du markagailuan. Ruben Garciak 89. sartutako golarekin irabaztea lortu du Osasunak.
-
Aimar Oroz eta Ruben Garcia, Osasunako golegileak Rayo Vallecanoren aurka. Argazkia: EFE
Osasunak denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi du igande honetan (irailak 4) Rayo Vallecanori 2-1 irabazita Sadarren jokatu den Santander Ligako 4. jardunaldiko partida.
Osasuna - Rayo Vallecano partidako laburpena (2-1)
Erasokor ekin dio Osasunak neurketari, Rayo Vallecanoko atezainak babestutako ate ingurura hainbat aldiz gerturatuta. Rayok penaltia eskatu du jokaldi baten, baina epaileak ez du ezer adierazi Lucas Torroren eta Camelloren arteko lehiaren ostean. Lehen zatian nagusi izan da talde gorritxoa; hala ere, golik gabe (0-0) amaitu da.
Bigarren zatiaren hasieran epaileak Rayo Vallecanoren aldeko penaltia adierazi du, baina VARa kontsultatu ostean baliogabetu egin du eta txartela atera dio Alvaro Rayoko jokalariari Nacho Vidal zapaltzeagatik.
Norgehiagokako 55. minutuan Aimar Orozek sartu du partidako lehen gola (1-0). Osasunako jokalariak amaiera ona eman dio Darko Brasanacek hegaletik egin duen jokaldiari, haren pasea ate barrura bidalita.
Golaren ostean erasora jo du Rayo Vallecanok eta 75. minutuan Lejeunek jarri du banakoa markagailuan (1-1), faltaz Sergio Herrera gaindituta.
Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak Barçatik talde gorritxora utzita joan den Abde zelairatu du azken minutuetan eta erabakigarria izan da Nafarroako taldeak garaipena lortzeko. Abdek jokaldi bikaina egin du, area barruan sartu da, eta haren pasea Ruben Garciak errematatu du Osasunaren bigarren gola sartuz (2-1), 89. minutuan.
Luzapenean Osasunak ez dio aukerarik eman Rayo Vallecanori eta gorritxoek hiru puntuak poltsikoratu dituzte.
Fitxa teknikoa:
2 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Chimy Avila (Ruben Garcia, 71. min), Moncayola (Abde, 81. min), Lucas Torro (Darko, 52. min), Moi Gomez (Pablo Ibañez, 81. min); Aimar Oroz eta Budimir (Kike Garcia, 81. min).
1 – Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Lejeune, Catena, Fran Garcia; Salvi (Isi, 46. min), Oscar (Comesaña, 71. min), Ciss, ÁAlvaro Garcia; Camello (Falcao, 81. min) eta Trejo.
Golak: Aimar 1-0 (55. min), Lejeune 1-1 (75. min), Ruben Garcia 2-1 (89. min).
Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horiak atera dizkie Unai Garcia eta Juan Cruz Osasuna jokalariei, baita Alvaro eta Ciss Rayo Vallecanoko futbolariei.