Osasuna
SANTANDER LIGA (38. JARD.)
Osasunak ezin izan dio Lehen Mailan jarraituko duen Mallorcari irabazi (0-2)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gorritxoek galdu egin dute Oier Sanjurjo, Iñigo Perez eta Jonas Ramalho agurtzeko balio izan duen partidan.
Mallorcak Lehen Mailan jarraituko du beste urtebetez, Osasunari 0-2 irabazi baitio igande honetan, merezita. Javier Aguirre entrenatzaile mexikarraren mutilek ez dute arazo handirik izan garaipena eskuratzeko.
Neurketak ez du erritmorik izan lehen zatian, bai, ordea, bigarrenean. Bi taldeek euren zaleei poztasun bat emateko egin dute lan, baina nabarmena zen mallorcarrek beharrizan gehiago zutela. Hala, atsedenalditik bueltan, Angelek arratsaldeko lehen gola erdietsi du (47. minutua), eta, gerora, Grenierrek erabakita utzi du lehia, aldaratze bat aprobetxatuta (83. minutua).
Azken minutuetan, balearrek denbora kudeatzen jakin dute, urrezko hiru puntu eskuratzeko, futboleko gorengo mailari eustea lortuz.
Sanjurjoren, Iñigo Perezen eta Ramalhoren agurrak
Oier Sanjurjo Osasunako kapitain handiak bere bihotzeko taldeari agur esan dio gaurko neurketan, hamar denboraldi baino gehiago elastiko gorritxoa janzten eman ondoren. Neurketako 72. minutuan, bere lekua utzi dio Roberto Torres lagun handiari, Sadarrera bertaratutako guztien (aurkariak barne) txalo zaparrada handia jasotzeko.
Oier Sanjurjok zelaia utzi duen una. Argazkia: EFE
Era berean, Jonas Ramalho eskuin hegaleko atzelariak (titularra partidan) eta Iñigo Perez erdilariak azken aldiz zelairatu dira Sadarerra Osasunako jokalari gisa.
Jonas Ramalho baloia aldendu nahian. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
0 – Osasuna: Osasuna: Sergio Herrera; Ramalho (Areso, 75. min), Unai García, David García, Cote (Íñigo Pérez, 75. min); Oier (Roberto Torres, 72. min), Lucas Torró, Darko; Chimy Ávila (Kike García, 63. min), Budimir, Rubén García (Kike Barja, 63. min).
2 – Mallorca: Reina; Maffeo, Valjent, Raillo, Oliva; Sánchez (Grenier, 72. min), Sevilla (Dani Rodríguez, 65. min), Battaglia, Costa (Russo, 83. min); Muriqi, Ángel (Abdón, 65. min).
Golak: Ángel 0-1 (47. min) eta Grenier 0-2 (83. min).
Epailea: César Soto Grado. Txartel horiak: Darko eta Unai García (Osasuna); Reina eta Maffeo (Mallorca).