Osasuna
Santander Liga
Osasunak galdu egin du Real Madrilen aurka (1-3), Sergio Herrera atezainak bi penalti gelditu dituen arren
A. B. E. | EITB Media
Talde gorritxoak porrota jaso du Santander Ligako liderraren aurka Sadarren jokatu duen 33. jardunaldiko partidan. Alabak, Asensiok eta Vazquezek sartu dituzte Madrilgo taldearen golak; Budimirrek, Osasunarena.
Osasunak galdu egin du Real Madrilen aurka (1-3) asteazken honetan Sadarren jokatu duen Santander Ligako 33. jardunaldiko partida. Talde gorritxoa sailkapeneko 9. postuan dago, 44 punturekin, eta Real Madril liderrak (78 puntu) gero eta gertuago du titulua.
Bi taldeak erasokor zelairatu dira, eta Osasunak izan ditu lehen abaguneak. Seigarren minutuan Budimirrek egin duen jaurtiketa kanpora joan da, eta zazpigarrenean Brasanacek ezin izan du errematea egin Chimy Avilaren erdiraketaren ostean. Real Madrilek gola egin du aurkariaren atera iritsi den lehen aldian: Benzemak erdiratu, eta Alabak gola sartu du (0-1). Austriako jokalariaren lehen errematea Sergio Herrera atezainak desbideratu du, baina Alabak berak ez du hutsik egin bigarren aukeran.
Gola jaso eta minutu batera berdindu du norgehiagoka Osasunak. Budimirrek ate barruan sartu du baloia, Chimy Avilaren pasea baliatuta, eta banakoa jarri du markagailuan (1-1).
Neurketako 27. minutuan, Chimy Avilak area kanpotik saiatu da, baina ezin izan du aurkariaren atea zulatu. Bi minutu geroago, Budimirrek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du Osasunako jokalaria jokoz kanpo zegoelako baloia jaso duenean.
Partida atsedenaldira iristear zela, 46. minutuan, Real Madrilek gola sartu du Asensioren bidez (1-2). Hegaletik zetorren erdiraketa Ceballosek ukitu, eta Asensioren erremateak Herrera gainditu du. Ondorioz, Osasuna gol bateko desabantailarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, 49. minutuan, Courtois atezainak eragotzi du gorritxoen gola, Nachok desbideratu duen baloia atepetik aterata. Bi minutu geroago, Chimy Avilak eskuarekin jo du baloia area barruan, eta epaileak Madrilgo taldearen aldeko penaltia adierazi du. Sergio Herrera atezainak gola eragotzi du, Karim Benzemaren jaurtiketa geldituta. Ondoren, 58. minutuan, Real Madrilen aldeko beste penalti bat adierazi du epaileak, Nacho Vidalek falta egin baitio Rodrygori area barruan. Bigarren honetan ere, Benzemak jaurti du penaltia, eta Sergio Herrerak berriro saihestu du gola, frantziarraren jaurtiketa desbideratuta.
Jaun eta jabe izan da Real Madril bigarren zatian, eta Osasuna ezinean ibili da. Nafarroako taldea ez da gai izan aurkariari min egiteko, eta talde bisitariak hainbat abagune izan ditu. Sergio Herrera atezainaren erantzunek eta Real Madrileko jokalarien punteria faltak eragin dute Ancelottik zuzentzen duen taldeak abantaila ez handitzea. Abagune argiena Nachok izan du, 87. minutuan; Iscok baloia buruz jo, eta Nachok atepean egin duen errematea kanpora joan da.
Osasunak ez du etsi. Azken minutuetan, erdiraketen bidez gola sartzeko aukeraren bat sortzen saiatu da, baina Madrilgo taldea sendo ibili da defentsan. Luzapenean, gainera, Viniciusek alferrik galdu du abagune argi bat. Neurketa amaitzear zela, 95. minutuan, Lucas Vazquezek biribildu du Real Madrilen garaipena, 1-3koa sartuta, Viniciusen jokaldiari amaiera ezin hobea emanda. Azkenean, Osasunaren porrota (1-3).
Fitxa teknikoa:
1 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Cote (Barja, 68. min), Moncayola, Javi Martinez (Oier, 68. in), Darko (Roberto Torres, 79. min), Ruben Garcia (Manu Sanchez, 46. min); Budimir eta Chimy Avila (Barbero, 86. min).
3 – Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Militao, Alaba (Carvajal, 46. min), Nacho; Valverde, Camavinga (Isco, 73. min), Ceballos (Kroos, 71. min); Asensio, Benzema eta Rodrygo (Vinicius Jr, 90. min).
Golak: Alaba 0-1 (12. min), Budimir 1-1 (13. min), Asensio 1-2 (46.min), Lucas Vazquez 1-3 (95. min).
Epailea: Ricardo de Burgos Bengoetxea. Txartel horia atera die Darko Brasanac Osasunako jokalariari eta Camavinga, Militao eta Nacho Real Madrileko futbolariei.