Itxi

Osasuna

24. JARDUNALDIA

Osasunak garaipen argia lortu du Vallecasen (0-3)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoek hiru puntuak bereganatu dituzte Moncayolaren, Ruben Garciaren (lehen zatian) eta Kike Garciaren (bigarrenean) sartutako golei esker.

0
Rayo Vallecano vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak, Jon Moncayola, Ruben Garcia eta Kike Garciaren golekin, garaipen handia erdietsi du Vallecasen, Rayori 0-3 irabazita.

Nafarroako taldea bikain aritu da hasieratik Rayori presioa egiten, lerroak oso aurreratuta, eta neurketari ekin eta zortzi minutura markagailuan aurrea hartzea lortu du Moncayolak egindako golari esker. Erdilariak primeran errematatu du 'Chimy' Avilak eskuinaldetik area barrura erdiratutako baloia.

Markagailuan abantaila izan arren, Osasunak berdin jarraitu du, eta aldiro-aldiro arriskua sortzen zuen madrildarren atearen inguruan. Lehendabizi, Ante Budimir aurrelari kroaziarrak buruz egindako erremate batekin abisatu du (langa gainetik joan da). Gerora, 39 minutuan, Ruben Garciak asmatu du, area kanpotik egindako ezkerkada batekin, Dimitrievskiren ezkerreko eskuadran amaitu duena.

Andoni Iraola Rayoko entrenatzaileak aulkia mugitu du atsedenaldian, eta Trejo eta Mamadou Sylla aurrelari senegaldarra zelairatu ditu erasoko baliabide berrien bila. Beraiekin madrildarren jokoak hobera egin du, eta Sergio Herreraren ate ingurura maizago hurbildu dira.

Falcaok aukera bikoitza izan du bigarren zatian gola sartzeko. Lehenengoa, area barrutik egindako jaurtiketa batekin, Sergio Herrerak urrundu duena; bigarrena, zutoin ondotik alde egin duen burukadarekin.

Osasunak geldikako jokaldi batekin erantzun dio: 'Chimy' Avilak falta jaurti eta Dimitrievskik gelditu handia egin behar izan du baloia aldentzeko.

Azken minutuetan Rayok ez du amore eman, eta Sergi Guardiola sartu denean, hiru aurrelarirekin jokatu du, baina hala ere ez da gai izan Sergio Herrera gainditzeko, partida osoan bikain aritu baita.

Luzapenean, Osasunak Kike Garciaren gol batekin borobildu du bere neurketa ederra. Horrenbestez, gaur lortutako garaipenarekin gorritxoek jauzia eman dute sailkapenean 32 punturekin, Rayok baino bat gehiago.

Fitxa teknikoa:

0 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliú, Saveljich (Trejo, 46. min), Catena, Kevin Rodrigues (Guardiola, 74. min); Valentín, Comesaña (Pathé Ciss, 81. min); Isi Palazón (Sylla, 46. min), Nteka (Bebé, 74. min)), Álvaro; eta Falcao.

3 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, David García, Juan Cruz, Manu Sánchez; Moncayola (Oier, 86. min), Torró, Darko; 'Chimy' Ávila (Javi Martínez, 81. min), Rubén García (Torres, 86. min) eta Budimir (Kike García, 68. min).

Golak: 0-1, Moncayola (8. min). 0-2, Rubén García (39. min); 0-3, Kike García (93. min).

Epailea: Figueroa Vázquez. Txartel horiak: Osasunako Alvaro (23. min), Saveljich (34. min) eta Nacho Vidal (70. min) jokalariei.