Osasuna
Santander Liga
Osasunak agur esan dio bolada onari Sevillan (2-0)
EITB MEDIA
Diego Carlosek eta Ocamposek egin dituzte etxekoen golak. Talde gorritxoak ez ohiko hutsak egin ditu Sanchez Pizjuan futbol-zelaian.
Sevillak eta Osasunak, sailkapeneko goiko postuetan dauden bi talde, Santander Ligako 12. jardunaldiko partida jokatu dute Sanchez-Pizjuan futbol-zelaian.
Talde nafarrak ez du oso partida ona egin, batez ere atzeko lerroan, eta andaluziarrek merezimenduz erdietsi dute garaipena.
Erik Lamela eta Lucas Ocampos izan dira Julen Lopetegik sartu dituen bi nobedade nagusienak hasierako hamaikakoan. Jagoba Arrasatek, bestalde, zortzi aldaketa egin ditu guztira. Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka puntu bat lortu zuen taldetik, beraz, Unai Garcia eta David Garcia defentsek eta Chimy Avila aurrelariak errepikatu dute soilik.
Partida hasiera parekatua izan da, baloi jabetza nahiko banatuta eta aukera askorik ez dira egon azken minutuak arte.
36. minutura arte, hain zuen ere, itxaron behar izan da gol abagune bat ikusteko, Rakiticek erdiratu eta Joan Jordanek baloia zutoinera bidali duenean defentsen beste huts batean. Abisua besterik izan da, hiru minutu geroago berriro ere Ivan Rakiticek erdiraketa bikaina egin eta hor bai Diego Carlosek lehen gola egin du, buruz (1-0).
Bigarren zatian Osasunaren presioa altuagoa izan da, baina Sevilla baloia ondo zaintzen eta maneiatzen duen taldea da. 59. minutuan, zorigaiztoko jokaldian, Sevillak bigarren gola egin du. Juan Perezek eta Jesus Aresok elkar ulertu ez eta Ocamposek baloia lapurtuz egin du bigarrena (2-0).
82. minutuan Juan Perezek hirugarrena saihestu du; geldialdi bikaina egin dio Ocamposi bere aurrean bakar bakarrik agertu denean (aurpegiarekin urrundu du atezain gorritxoak).
Osasunaren aukerarik onena 87. minutuan heldu da, Ontiverosek langatik gora jaurti du nafarren kontraerasoa bat.
HAMAIKAKOAK
2 - Sevilla: Bono; Montiel (Jesus Navas, 58'), Kounde, Diego Carlos, Acuña; Jordan (Gudelj, 70'), Delaney (Fernando, 78'), Rakitic; Lamela, Rafa Mir (En-Nesyri, 78'), Ocampos.
0 - Osasuna: Juan Perez; Areso, Unai Garcia, David García, Cote; Roberto Torres (Rober Ibañez, 79'), Oier (Moncayola, 69'), Iñigo Perez (Budimir, 69'), Darko Brasanac; Chimy Avila (Kike Garcia, 69'), Ruben Garcia (Ontiveros, 79').
GOLAK
1-0, Diego Carlos (39')
2-0, Ocampos (59')
Sevillaren gola ospatzen