Itxi

Osasuna

10. JARDUNALDIA

Sailkapenaren gorenean berdinduta egoteko aukera galdu du Osasunak 90. minutuan (1-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoek aurrea hartu dute markagailuan atsedenaldiaren atarian, Chimy Avilak sartutako golaren bidez; alabaina, neurketa amaitzear zela, Montorok berdinketaren gola erdietsi du Granadaren alde, urrutitik egindako jaurtiketa batekin.

  • Brasanac Granadaren atzelari bati presioa eginez.

    Brasanac Granadaren atzelari bati presioa eginez. Argazkia: EFE

Granadak Osasunaren garaipena ekidin du 90. minutuan, Montororen gola dela medio. Andaluziarrek Chimy Avilaren hasierako gola orekatu dute ia amaieran, eta, ondorioz, talde nafarrak ezin izan du 20 puntu dituen Realarekin bat egin sailkapenaren lehen postuan.

Sadar galaz jantzi da bere taldeari harrera egiteko. Serafin Zubirik abestutako La voz de una mendeurreneko ereserkia lagun zutela, Sadarreko zelai gainean talde gorritxoan historia egin zuten hainbat jokalari plazaratu dira, hala nola Martin Monreal, Patxi Puñal edo Javier Castañeda.

Osasunak sailkapeneko lehen postuan kokatu nahi zuen beste garaipen bat lortuta (hiru zeramatzan jarraian), eta horixe ikustera bertaratu dira 21.128 ikusle, denboraldiko jendetzarik handiena.

Zelai erdia bereganatzeko borrokak lehen zatian apenas aukerarik egotea ekarri zuen berekin. Izan zen bakanetako batean, 24. minutuan, Granadak gertu izan zuen gola, Sergio Herreraren hutsegite bat baliatuta. Izan ere, atezaina bere aterantz korrika egin beharrean egon zen, buruarekin baloi bat gaizki aldendu ondoren. Rochina egoera hori aprobetxatzen saiatu zen, baloia urrutitik jota, baina gorritxoen atezainak garaiz erreakzionatu du baloia geldiarazteko.

Bazirudien etxeko zaleek 0-0arekin afalduko zutela, baina Chimy Avilak eragotzi egin du. Aurrelari argentinarrari baloia iritsi zaio area barruan, Coteren erremate txar baten osteko aldaratzean, eta ezker hankarekin arerioen atea zulatu du lehen zatiko 44. minutuan.

Bigarren zatiari ekin eta 15 minutura, Roberto Torresek aukera argia izan du gorritxoen bigarrena egiteko, baina Abram andaluziarren atzelariak bikain desegin du arriskua, lurretik altxatu eta baloia buruz aldenduz.

Jagoba Arrasatek Jon Moncayola zelairatu du, Osasunaren zelai erdia indartzeko. Itxura zeukan etxekoek egoera kontrolpean zutela, baina zorigaiztoko jokaldi batek hankaz gora jarri du norgehiagoka. Granadak baloi bat lapurtu du zelai erdian, eta Luis Suarez aurrelaria Sergio Herreraren aurrean bakar-bakarrik geratu behar zela ikusi duenean, Cotek falta egin dio . Epaileak ez du zalantzarik izan, eta txartel gorria atera dio hegaleko asturiarrari.

Bat gehiagorekin zegoela, Granada berdinketaren bila joan da. Hala, 90. minutuan, Montorok ezin hobeto ikusi du Herrera aurreratuta zegoela, eta baloia urrutitik jaurtiz partida berdindu du.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai García, David García, Cote; Torró; Roberto Torres (Javi Martínez, 79. min), Oier (Moncayola, 67. min), Darko (Juan Cruz, min. 79), Rubén García (Manu Sánchez, 79. min); Chimy Ávila (Kike García, 67. min).

1 – Granada: Maximiano; Quini (Arias, 71. min), Víctor Díaz, Luis Abram, Carlos Neva (Montoro, 83. min); Rochina, Gonalons (Monchu, 38. min), Luis Milla; Bacca (Molina, 71. min), Luis Suárez, Machís (Escudero, 83. min).

Golak: 1-0, 45. min: Chimy Ávila. 1-1, 90. min: Montoro.

Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horiak: Nacho Vidal (Osasuna); Abram, Bacca eta Rochina (Granada). Cote kaleratu du txartel gorri zuzena aterata (74. min), Luis Suarez Sergio Herreraren aurrean bakar-bakarrik gera zedila ekidin duenean.