Osasuna
Reyno de Navarran
Osasuna-Racing (0-2): Hamaika metroetatik erabaki dute kantabriarrek
Erredakzioa
Stuanik bi penalti sartuta, 38. eta 71. minutuetan, irabazi du Racingek. Gorritxoek denboraldiko lehen porrota jaso dute etxean.
-
Andres Fernandez, Osasunako atezaina. Argazkia: EFE
Etxean denboraldiko lehen porrota jaso du Osasunak Racingen aurka 0-2 galduta. Partida kaskarra izan da eta garaipena talde kantabriarrarentzat izan da atera ia jaurti ez duen arren.
Lehen zatia ondo hasi da Reyno de Navarran, baina minutuek aurrera egin ahala behera egin du jokoaren erritmoak. Partida hasi bezain pronto eman dute bisitariek lehen abisua. Sergiok gaizki utzi dio baloia Andresi eta Stuanik atezainaren gainetik jarri du baloia. Andresek baloia ukitu eta arriskua aldaratu du.
12.ean markagailua estreinatzeko aukera izan du Lamahk, baina errematea desbideratua atera zaio eta Toñok kornerrera urrundu du. Kantabriako taldea baloiaren jabetzarekin egin da, baina Osasunak abagune ona izan du 31.ean. Torrejonek Lamahren gola saihestu du.
37. minutuan heldu da 0-1ekoa. Clos Gomezek Racingen aldeko penaltia adierazi du Damiaren eskuagatik. Zalantzazko erabakia. Andresek baloia ukitu du, baina Stuaniren errematea barrura sartu da.
Animatu da Jose Luis Mendilibarren taldea bigarren zatian. Miguel Flañok aukera bikaina izan du 58.ean: aldaratze bat haren oinetan erori da eta, bakarrik Toñoren aurrean, gora bidali du baloia.
Baina 70. minutuan Acosta zangotrabatu dute Osasunako area barruan eta J. Jose Gonzalezen taldearen aldeko bigarren penaltiak erabakita utzi du norgehiagoka. Stuanik bigarrena egin du penaltia ondo jaurtita.
80.ean urrutitik jaurti du Raul Garciak eta markagailuan hurbiltzeko aukera ederra izan da, baina Toñok kornerrera aldaratu du. 83.ean Ibrahima geratu da Racingeko atezainaren aurrean bakarrik, baina motel ibili da Osasunako jokalaria eta Torrejonek baloia kendu dio. Ez da gehiagorako denborarik egon eta puntuek Reyno de Navarratik ihes egin dute. Mendilibarren taldea zazpigarren postuan dago 26 punturekin. Puntu berdinak dituzte Athleticek eta Malagak, bosgarren eta seigarren postuetan hurrenez hurren.
Fitxa teknikoa:
Osasuna: Andres, Damia, Sergio (R. Garcia, 72'), Flaño, Satrustegui; Annunziata (Cejudo, 45'), Nekounam, Timor, Lamah, Ibra eta Nino (Lekic, 65').
Racing: Toño, lvaro, Torrejon, Bernardo, Cisma; Diop (Jairo, 90'), Colsa (Tziolis, 77'), Munitis, Adrian, Acosta, Stuani (Christian, 92').
Golak:
0-1, 38', Stuani.
0-2, 70', Stuani.