Itxi

Osasuna

35. JARDUNALDIA

Eskas aritu den Osasunak ezin izan du Betis gainditu Villamarinen (3-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorritxoek lehen zati kaskarra jokatu eta bi gol jaso dituzte, eta gerora ez dira gai izan neurketari buelta emateko

  • Sergio Herrera gorritxoen atezainak ezin izan du Betisen lehen gola eragotzi

    Sergio Herrera gorritxoen atezainak ezin izan du Betisen lehen gola eragotzi. Argazkia: EFE

Osasunak argi eta garbi galdu du Betisen aurka Benito Villamarinen (3-0), bere ohiko nortasuna erakutsi gabe, Santander Ligako 35. jardunaldiari zegokion partidan.

Alexis Trujilloren taldeak, ordea, bikain ekin dio lehiari, oso kontzentratuta, eta laster eman dio lehen kolpea tentsiorik gabe zirudien Osasunari. Hala, laugarren minutua bete denean, Alex Morenoren korrikaldi baten ostean, baloia kornerrera joan da etxekoen alde. Andaluziarrek motzean atera dute, eta Joaquinek ezin hobeto erdiratu du, area barruan bakar-bakarrik zegoen Guido Rodriguezek buruz sare barrura erremata zezan (1-0).

Lehen zatian goitik behera nagusitu dira Betisekoak, eta oso gertu izan dute bigarren gola, lehen ordu laurdena iritsi denean. Gorritxoek beste huts bat egin dute atzealdean, baina Sergio Herrerak gelditu egin du Pedrazaren jaurtiketa. Hamar minutu geroago (25. minutua), aldiz, ezin izan du ekidin Pedrazak berak 2-0ekoa erdiestea, area barruan alderatze bat harrapatu duenean, jokaldi luze baten ostean.

Atsedenaldia eta gero, Jagoba Arrasatek buelta eman nahi izan dio bere taldeak ordura arte azaldutako joko eskasari, eta helburu horrekin Oier eta Estupiñan zelairatu ditu aldageletatik zuzenean. Haatik, etxekoek eroso jarraitu dute berdegunean, norgehiagoka guztiz kontrolpean izanik, eta abantaila handitzeko aukerak eduki dituzte.

Hala ere, bai andaluziarrek asmatu ez dutelako, bai Herrerak primeran jardun duelako, ez da markagailua areagotu saiakera horietan. Aldi berean, gorritxoek ere izan dituzte aldea murrizteko zenbait aukera, Fran Meridaren, Roncagliaren oinetan, baita Tellok nahi gabe bere aterantz zuzendutako errebote batean ere, baina Dani Martinek ondo urrundu du.

Osasunako jokalariek ez dute amore eman, baina ez dute ohikoa duten intentsitatea erakutsi; gainera, partidaren luzapenean, hirugarren gola jaso dute, Aleñak sartutakoa.

Fitxa teknikoa:

3 - Betis: Dani Martín, Emerson, Mandi, Feddal, Pedraza (Aleñá, 74. min), Joaquín (Tello, 64. min), Guido Rodríguez, Guardado (William Carvalho, 74. min), Álex Moreno; Fekir (Juanmi, 86. min) eta Borja Iglesias (Loren, 86. min).

0 - Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Aridane, David García, Lato (Roncaglia, 70. min), Moncayola, Brasanac (Estupiñán, 46. min), Kike Barja (Adrián, 60. min), Fran Mérida (Íñigo Pérez, 78. min), Roberto Torres (Oier, 46. min) eta Arnaiz.

Golak: 1-0, 4. min: Guido Rodríguez. 2-0, 25. min: Pedraza. 3-0, 97. min: Aleñá.

Epailea: Alejandro Hernández Hernández. Txartel horiak: William Carvalho (Betis); David García, Aridane, Fran Mérida, Estupiñán eta Lato (Osasuna).