Osasuna
25. jardunaldia
Granada Osasunaren gainetik pasa da Sadarren (0-3)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Darwin Machis kolonbiarrak eta Dimitri Foulquier frantziarrak egin dituzte golak. Andaluziarrak jaun eta jabe izan dira berdegunean.
-
Darwin Machis, Osasunari egindako goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE.
Granada aise gailendu zaio Osasunari Sadarren jokatutako 25. jardunaldiko partidan. Nafarrek neurketa txarra egin dute, eta alferrik galdu dute Lehen Mailan jarraitzea bermatzen hasteko eduki duten aukera.
Andaluziarrek berehala hartu dute aurrea markagailuan. 4. minutuan, Aridanek baloi bat galdu du eta Soldadok ederto aprobetxatu du jokalari gorritxoaren hutsa baloia hartu eta Darwin Machisi pasea emateko. Kolonbiarraren jaurtiketak Herrera gainditu du eta 0 eta 1ekoa ezarri du markagailuan.
Osasuna berdinketa lortzen saiatu da, gogoa erakutsi du baina ideia askorik gabe. Rober Ibañezek aukera ederra izan du baina baloia ez da atean sartu. 27. minutuan, epaileak Enric Gallegok egindako gola baliorik gabe utzi du, jokoz kanpokoa adierazita.
Kanpotarrek, berriz, ahalegin handirik gabe min handia egin diote Osasunari, behin eta berriro. Ordu erdia betetzear egon denean, zelai erdian baloia lapurtu dute Granadako jokalariek eta 0 eta 2koa egin du Machisek. Partida oso aldapan gora jarri da Jagoba Arrasateren taldearentzat.
Foulquierrek iruindarren itxaropen guztiak uxatu ditu 40. minutuan Granadaren hirugarren gola eginda, eskuinetik egindako erremate baten bidez.
Bigarren zatian nafarrek ez dute aukera argirik sortu, eta Rui Silva Granada taldeko atezaina oso lasai egon da 45 minutuetan.
Azkenean, 0 eta 3, Granadak merezita eraman ditu hiru puntuak.
Fitxa teknikoa
0 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Estupiñán; Rober Ibáñez (Mérida, 61. min), Oier, Darko, Íñigo Pérez (Arnaiz, 61. min); Rubén García (Adrián, 71. min), Gallego.
3 – Granada: Rui Silva; Víctor Díaz, Duarte, Germán, Carlos Neva; Gonalons, Yangel Herrera (Eteki, 86. min); Foulquier, Carlos Fernández (Puertas, 69. min), Machís (Fico, 78. min); Soldado.
Golak: Machís 0-1 (4. min), Machís 0-2 (28. min), Foulquier 0-3 (41. min).