Osasuna
Errege Kopa, 2. kanporaketa
Osasunak sufritu egin du Haro kanporatzeko (1-2)
L.E. | eitb.eus
Jagoba Arrasateren taldeak Mikel Buenok 72. minutuan egindako gola irauli du, Nacho Vidalen eta Chimy Avilaren golei esker.
-
Partidako emaitza eta Osasunako jokalariak gol bat ospatzen. Irudia: @CAOsasuna
Osasunak Errege Kopako hurrengo kanporaketan sartzea lortu du, Bigarren B Mailako Harori sufrituta irabazi ostean.
Lehen jokaldi azpimarragarria 10. minutuan gertatu da, Juan Villarrek gola egin du baina epaileak baliorik gabe utzi du Villar jokoz kanpo egon delako. Nafarrak jokoaren jabe izan dira, baina arrisku handirik sortu gabe.
Lehen ordu laurdena igarota, Harok aurrerapausoa eman du eta gola egiteko aukerak sortu ditu. Joseba Garciak izan du aukera argienetariko bat, baina errematea gora joan zaio.
Atsedenaldiaren atarian, Osasunak kontrola berreskuratu eta arriskua sortu du Fermin atezainaren atearen inguruan, baina markagailuan ez da aldaketarik izan.
Bigarren zatian, Jagoba Arrasateren taldeak gogo gehiago erakutsi du. Fran Meridak eman du lehen abisu serioa, falta bat jaurti eta baloiarekin langa joz.
Baina lehenengo gola etxeko taldeak egin du. Mikel Bueno gasteiztarrak sartu du, partidako 72. minutuan. Zaleak pozez zoratzen izan dira, lehen mailako talde bat Kopatik kanpo uzteko aukera gertuago ikustean.
Berdinketa eta Avilaren gola
Baina pozak minutu pare bat iraun du errioxarren artean, gorritxoek banakoa egin dutelako bi minutu geroago. Nacho Vidalek egin du gola, boleaz, Fermin atezainaren urrunketa bat aprobetxatuz.
Eta partidak luzapenera joko zuela zirudienean, Chimy Avilak 1 eta 2koa egin du, 89. minutuan, Osasunari Kopako hurrengo kanporaketarako txartela emanez.
Fiotxa teknikoa
1.- Haro: Fermín Sobrón; Loza, Marcos, Javi Duro, Kevin Calle; Josua, Arana (Ibra Dieng, m.64), Joseba (Facu Ballardo, 76. min), Esteve; Armando eta Mikel Bueno.
2.- Osasuna: Juan Pérez; Nacho Vidal, Unai García, Roncaglia, Estupiñán; Fran Mérida, Rober Ibáñez, Juan Villar (Chimi Avila, 74. min), Íñigo Pérez (Roberto Torres, 85. min), Moncayola; eta Marc Cardona (Adrián, 74. min).
Golak: 1-0. 72. min: Mikel Bueno. 1-1. 75. min: Nacho Vidal. 1-2, 89. min: Chimy Ávila.