Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak puntu bat atera du Celtaren aurka, Balaidosen

Erredakzioa

Talde gorritxoak bana (1-1) berdindu du. Galtzen hasi da, baina neurketa berdintzea lortu du. Ligako lehen itzulia 24 punturekin amaitu du Nafarroako taldeak.

  • Roberto Torres eta Pione Sisto. Argazkia: EFE

    Pione Sisto eta Roberto Torres, Celta-Osasuna partidan. Argazkia: EFE

Osasunak bana (1-1) berdindu du Celtaren aurka Balaidosen, Ligako 19. jardunaldiko partida. Ondorioz, gorritxoek 24 punturekin amaitu dute lehen itzulia, sailkapeneko 12. postuan.

Bi taldeek erasokor ekin diote lehiari, baina ez dira abagune argiak sortzeko gai izan hasierako ordu laurdenean. Celtak izan du lehena, 19. minutuan; Sergio Herrera atezainak buruz desbideratu behar izan du baloia area kanpoan, aldaratzea Pione Sisitori heldu zaio, eta honen jaurtiketa kanpora joan da langa gainetik. Bi minutu beranduago, Aidooren errematea, langara. Osasunari ez zaizkio gauzak ondo irten lehen zatian, eta ezinean ibili da. Sergio Herrera atezainak eragotzi du Celtaren gola 29. minutuan, Iago Aspasen jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Osasunako atezaina berriro protagonista izan da 40. minutuan, Pione Sistoren jaurtiketa desbideratzea lortu duenean. Osasuna gaizki ibili den arren, atsedenaldira iritsi orduko abagune nabarmena izan du; Ruben Blanco Celtako atezainak baloia urrundu nahi izan du, Ruben Garciari iritsi zaio, eta haren errematea zutoinera joan da.

Bigarren zatiaren hasieran, Iago Aspasek kanpora bota du falta jaurtiketa bat, eta, Ruben Garciak area kanpotik egin duen jaurtiketa ere kanpora joan da. Osasunak 62. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina Chimy Avilaren burukada kanpora joan da, oso gutxigatik. Lau minutu beranduago erantzun du Celtak, Sergio Herrerak desbideratu duen Iago Aspasen jaurtiketa baten bitartez. Talde bakoitzak izan dituen bina abaguneen ostean ezer gutxi gertatzen ari zen neurketan, baina, 75. minutuan, Aidook pase sakona eman dio Santi Minari, Celtako aurrelariak Sergio Herreraren irteera gainditu, eta 1-0ekoa sartu du. Zulo handiegia utzi du talde gorritxoak atzealdean, eta horixe baliatu du Vigoko taldeak.

Golak min egin dio Osasunari, baina gorritxoek berdinketaren bila jo dute. Atzealdean sufritzen aritu da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea, eta Celtak bigarren gola sartzeko abagunea izan du 80. minutuan; Rafinhak, ordea, indarge jaurti du Sergio Herreraren eskuetara. Celtak barkatu, eta Osasunak neurketa berdindu du 82. minutuan Chimy Avilak sartu duen golari esker (1-1). Estupiñanek erdiraketa ona egin du ezker hegaletik, eta argentinarrak sare barrura bidali du errematea.

Neurketa berdindu ostean, bi taldeetako bat ere ez da gai izan abagune argirik sortzeko, eta puntu bana lortuta eman diote hasiera urte berriari Celtak eta Osasunak.

Fitxa teknikoa:

1; Celta: Ruben Blanco; Kevin Vazquez, Aidoo, Costas, Olaza; Okay Yokuslu, Beltran; Santi Mina (Toro Fernandez, 87. min), Rafinha (Brais Mendez, 87. min) , Pione Sisto (Juan Hernandez, 69. min); Iago Aspas.

1; CA Osasuna: Sergio Herrera; Jon Moncayola, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Darko, Oier (Iñigo Perez, 81. min); Roberto Torres (Juan Villar, 80. min), Adrian (Rober Ibañez, 72. min), Ruben Garcia; Chimy Avila.

Golak: 1-0 Santi Mina, 75. min; 1-1 Chimy Avila, 81. min.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Kevin Vazquez, Beltran eta Rafinha Celtako jokalariei, baita Oscar Garcia Junyent Celtako entrenatzaileari, eta, Estupiñan, Darko eta Oier Osasunako futbolariei.