Itxi

Osasuna

4-2

Osasunak irabazi du Alavesen aurkako derbia, etxeko garaipenei jarraipena emanez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Emozio handiko norgehiagoka bizi izan dute Sadarrera gerturatu diren zaleek, sortutako aukerek lehia bizia piztu baitute zelaian. Azkenik, etxean erdietsitako 31. garaipena lortu dute gorritxoek.

  • Osasunako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak irabazi du igande honetan Sadarren jokatutako euskal derbia. 4 eta 2 gailendu dira gorritxoak Alavesen aurka partidan, eta honekin batera, etxean porrik jaso gabe jarraitzen dute, 30 neurketako marka hautsiz.

Jagoba Arrasatek gidatutako taldea golaren bila abiatu da epaileak hasiera adierazi duen une beretik eta Ruben Garcia izan da aurreneko gola egin duena (1-0). Hortik aurrera, berriz, gol festa iritsi da Sadarrera, sei minutu geroago, Chimy Avilak bigarrena egin eta gorritxoen aldea handitu baitu (2-0).

Hala ere, begiak itxi aurretik, alegia, soilik minutu bat beranduago, Laguardiak ezustekoa eman eta Alavesen lehena egin du bi taldeen arteko lehia bizia ziurtatuz (2-1).

Duarteren eskua adierazi du ondoren epaileak atsedenaldira abiatu aurretik eta Roberto Torresek gorritxoen hirugarrena egiteko baliatu du aukera (3-1).

Bigarren zatiari dagokionez, epaileak beste penalti bat adierazi du, ordaingoan, ordea, talde arabarraren aldekoa eta Lucas Perezek ere ez du hutsik egin eta Alavesen bigarrena egin du (3-2).

Gauzak horrela, joan-etorri zoroa bilakatu da norgehiagoka eta Juan Villarrek gorritxoen laugarrena egin nahi izan du garaipena ziurtatze aldera (4-2).

Ordutik aurrera, markagailuak geldialdia egin du eta bere horretan mantendu da neurketa bukatu arte. Hortaz, Osasunak eskuratu ditu Alavesen aurkako derbian jokoan zeuden hiru puntuak eta etxean galdu gabe daraman 31. partida izan du honakoa, marka bete-betean hautsiz eta erronka berri bat plazaratuz.

Fitxa teknikoa:

4 – Osasuna: Ruben; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñán; Roberto Torres, Oier, Merida (Darko, 85.min), Ruben Garcia (Iñigo Perez, 81.min); Juan Villar (Cardona, 76.min), Chimy Avila.

2 – Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Magallan, Duarte; Aleix Vidal (Burke, 67.min), Pere Pons, Manu (Borja Sainz, 58.min), Wakaso; Lucas Perez, Joselu (Guidetti, 76.min).

Golak: Ruben García (20.min), Chimy Avila (26.min), Laguardia (28.min), Roberto Torres (45.min), Lucas Perez (51.min), Juan Villar (55.min).

Epailea: Munuera Montero.