Itxi

Osasuna

2-1

Osasunak lehen garaipena lortu du Sadarren, Vila-realen aurka emaitza iraulita

Erredakzioa

Talde gorritxoak 2-1eko emaitzarekin irabazi du partida, galtzen hasi den arren. Pau Torresek sartu du Vila-realen gola, eta Roncagliak eta Chimy Avilak Osasunarenak.

  • Osasuna. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak Vila-realen aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Osasuna - Vila-Real)0:2:5 min.

Osasunak garaipen handia lortu du Vila-realen aurka (2-1) Ligako zortzigarren jardunaldian, eta denboraldi honetan lehen aldiz irabazi du Sadarren. Horrenbestez, Nafarroako taldea 11 punturekin iritsiko da geldialdira.

Gaizki ekin dio neurketari Osasunak, laugarren minutuan gola jaso baitu: Pau Torresek sare barrura bidali du Cazorlaren erdiraketa (1-0). Nagusi izan da Vila-real lehen minutuetan, eta Ruben atezainak Cazorlaren jaurtiketa geratu behar izan du 10. minutuan. Osasuna ezinean ibili da, eta ezin izan du abagunerik sortu. Partidako 29. minutuan, Pau Torres beste gol bat sartzetik gertu egon da, baina gorritxoen zorionerako, baloia ez da sare barrura joan. Lehen zatiaren azken txanpan, Vila-realek beste abagune bat izan du, baina Ekambik kanpora bota du errematea.

Bigarren zatian erabat aldatu da norgehiagoka. Osasuna erasokor zelairatu da, eta lehen minutuan gola sartu du, Roncagliaren bitartez (1-1). Area kanpotik jaurtiketa bikaina egin, eta Asenjo gainditu du. Vila-realen erantzuna azkar etorri da, 53. minutuan, baina Ruben atezainak gola eragotzi du, Chukwuezeren errematea desbideratuta. Ondoren, nagusi izan da Osasuna, eta abaguneak izan ditu. Roberto Torresek gora bota du jaurtiketa 57. minutuan, eta Chimy Avilak aukera bikaina alferrik galdu du, Asenjo atezainaren aurrean buruz burukoa huts eginda, 66. minutuan. Nafarroako taldea nagusi izan den arren, Vila-realek bi aukera argi izan ditu: Gerard Morenoren errematea gora joan da 69. minutuan, eta hiru minutu beranduago, Estupiñanek atepetik atera du Albiolen burukada. Kanpoko taldearen aukera bikoitzaren ostean, Osasuna berriz nagusitzen hasi da, eta Chimy Avilak gola sartu du (2-1) 79. minutuan, jaurtiketa gurutzatu baten bitartez. Partidako azken txanpan, 90. minutuan, Ruben atezainak Vila-realen gola eragotzi du, Peñaren erdiraketa pozoitsua desbideratuta.

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Ruben; Nacho Vidal, Aridane, Roncaglia, Estupiñan; Roberto Torres, Oier (Moncayola, 83. min), Fran Mérida, Ruben Garcia (Darko, 85. min); Chimy Avila eta Adrian (Rober Ibañez, 74. min).

1 – Vila-real: Asenjo; Ruben Peña, Albiol, Pau Torres, Quintilla; Anguissa,Iborra (Trigueros, 86. min), Cazorla; Chukwueze, Gerard Moreno eta Toko Ekambi (Javier Ontiveros, 68. min).

Epailea: Valentin Pizarro Góomez. Txartel horiak atera dizkie Nacho Vidal eta Oier Osasunako jokalariei, baita Albiol eta Bacca Vila-realeko futbolariei.