Itxi

Osasuna

Liga BBVA

Osasuna-Valentzia, (1-0): Gorritxoak, jaitsiera postuetaik kanpo

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Jose Luis Mendilabrren mutilek partida ona jokatu dute eta merezitako garaipena eskuratu ere. Cejudok sartu du partidako gol bakarra. Getafe dago orain jaitsiera postuetan.

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu zuen Reyno de Navarran Valentziaren aurka. 1-0 irabazi zuten gorritxoek eta hiru puntu hauekin jaitsiera postuetaik atera da talde gorritxoa.

Talde gorritxoa indartsu eta kementsu zelairatu zen Reyno de Navarrako berdegunera eta hasieratik Valentzia atzean sartu zuen Mendilibarren taldeak. Bosgarren minutuan iritsi zen partidako lehen gol aukera. Lolok erremate bikaina egin zuen buruz, baina Guaita atezainak erantzun bikaina eman zion gorritxoen lehen gola eragotziz. Sei minutu beranduago, Camuñasek atzean utzi zituen Ricardo Costa eta Stankevicius, arean sartu zen eta errematea egiterakoan Guaitarekin egin zuen topo.

Lehen ordu laurdena oso bizia eta erritmo handikoa izan zen eta ondoren momentu lasaiagoak etorri ziren, erritmo gutxiagokoak. Dena den, Osasunak jarraitzen zuen jaun eta jabe izaten. Area kanpoko jaurtiketen bidez ere saiatu ziren gorritxoak, baina ez zuten atera asmatu. Valentziak ez zuen gol aukera bakarra ere sortu lehen zatian. Osasunak ez zuen defentsan sufritu. Lehen zatiko azken minutuetan gola sartzeko pare bat aukera izan zituen talde nafarrak. Lehenik Cejudoren jokaldi baten bidez. Honen erdiraketa, ordea, Valentziaren ate aurretik pasa zen Kike Sola errematera iritsi ez zelarik. Jarraian, Camuñas saiatu zen Guaita ezustean harrapatzen ,baina bere jaurtiketa arazorik gabe harrapatu zuen atezainak. Lehen 45 minutuetan izan ziren gol aukera guztiak Osasunak sortu zituen, baina lehen zatia golik gabeko berdinketarekin bukatu zen (0-0).

Bigarren zatian gauzak pixka bat aldatu egin ziren. Batez ere Valentzia erasokorrago eta indartsuago zelairatu zelako. Osasunak lehen 45 minutuetan jokatu zuen bezala jokatzen jarraitu nahi zuen, baina erritmoa ez zen berdina. Bi taldeak areaz kanpoko jaurtiketen bitartez saiatu ziren gola sartzen hasieran, baina ez zuten zorterik izan. 60. minutuan, ordea, Cejudok Osasunaren gola sartu zuen, partidako gol bakarra. Area kanpotik jaurtiketa egin, baloiak Stankeviciusen bizkarrean jo eta Guaita gainditu zuen. 1-0ekoa zen gorritxoentzat.

Gola hartu ondoren, Valentziako entrenatzailea den Unai Emeryk Aritz Aduriz sartu zuen berdegunera gol aukera gehiago sortzeko eta berdinketa bilatzeko asmoz. Osasuna, ordea, ez zen kokildu eta sendo mantendu zen defentsan. Valentziak ez zuen ia gol aukerarik sortu eta baloi luzeen baliabideari ez zioten etekinik atera. 83. minutuan Camuñasek partida erabakita uzteko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu Guaitaren aurrean.

Azken minutuetan Osasunak ondo eutsi zion 1-0ekoari eta azkenean garaipena lortu zuen. Hiru puntu hauekin Osasuna jaitsiera postuetaik kanpo dago 38 puntu baititu. Orain jaitsiera postuan sartu den taldea Getafe da 37 punturekin.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna:Ricardo; Nelson, Lolo, Sergio, Monreal; Puñal, Nekounam; Cejudo(Soriano, m.82), Camuñas, Calleja (Damiá, m.66); eta Kike Sola (Josetxo,m.90).

0 - Valentzia: Guaita; Miguel (Pablo,m.79), Stankevicius, Costa, Mathieu; Joaquin, Albelda (Banega, m.64),Topal, Mata; Jonas (Aduriz, m.69) eta Soldado.

Gola: 1-0, m.59: Alvaro&' || 'nbsp;Cejudo.