Osasuna
41. JARDUNALDIA
Osasuna, Bigarren Mailako txapeldun
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gorritxoek 2-3 irabazi diote Kordobari eta liga txapelketa bereganatu dute 84 punturekin, jardunaldi baten faltan.
-
Osasuna, Bigarren Mailako txapeldun. Argazkia: @Osasuna
Seriotasunez jardun duen Osasunak 2-3 irabazi dio Kordobari Arcangel futbol-zelaian, eta, horrenbestez, Bigarren Mailako txapeldun izatea erdietsi du lehen aldiz bere historian.
Xisco eta Brandonek nafarren alde jarri dute markagailua partidak lehen ordu laurdena bete orduko. Gorritxoak Bigarren B Mailara jaitsi berri den arerioa baino askoz gehiago izan dira neurketaren tarte horretan. Bigarren zatian, berriz, etxekoak saiatu dira markagailua iraultzen, baina ez dute euren asmoa lortu.
Arrasateren jokalariek ez dute denbora larregi itxaron behar izan neurketa ia erabakita uzteko. Lasaitasunez jokatu dute, baloia erraz mugituz eta Kordobak atzealdean izan ohi dituen arazoak agerian utziz. Xisco izan da, 10. minutuan, Osasunaren lehen gola sartu duena. Barkamena eskatu die zelaian bildu diren zale apurrei, iraganean Kordoban aritutakoa baita nafarren aurrelaria.
Hiru minutu geroago, Fernandez hegalekoak penalti argia egin dio Brandoni, eta Mallorcako aurrelariak berak egin du bigarren gola.
Atsedenaldiren ostean, inertziaz, gorritxoek markagailuko aldea areagotu dute, Nacho Vidalen erdiraketa bat sareetara eraman baitu Luis Pereak (54. minutua).
Emaitza ikusita, etxeko taldea markagailua itxuratzen saiatu da, eta bost minutu behar izan ditu etxekoen lehendabizikoa markagailura igoarazteko, Alfaroren bitartez (59. minutua).
Nafarrek tentsioa jaitsi dute, eta Kordobak bigarrena erdiesteko baliatu du. Hala, norgehiagoka amaitzeko 16 minuturen faltan, Piovaccari aurrelari argentinarrak ezin hobeto altxatu du baloia Sergio Herrera atezainaren irteera gainditzeko.
Markagailua estutzeko gai izan bada ere, Kordobaren erreakzioa hortxe geratu da, eta andaluziarrek porrot batekin esan behar izan diote agur euren zaleei Osasuna txapeldunaren kontra.
Fitxa teknikoa:
2- Kordoba: Carlos Abad, Fernandez, Luis Muñoz, Chus Herrero, Alex Menendez, Vallejo, Bodiger (Moyano, 74. min), Alfaro, Quim Araujo (Andres Martin, 59. min), Javi Lara eta Piovaccari (Carbonell, 86. min).
3- Osasuna: Sergio Herrera, Lillo, David Garcia, Aridane, Clerc, Olavide (Kike Barja, 69. min), Luis Perea, Nacho Vidal, Brandon, Rubén García (Aimar Oroz, 89. min) eta Xisco (Javi Martinez, 82. min).
Epailea: Areces Franco. Txartel horiak: Luis Muñoz (Kordoba) eta Ruben Garcia (Osasuna).
Golak: 0-1, 10. min: Xisco. 0-2, 13. min: Brandon, penaltiz. 0-3, 54. min: Luis Perea. 1-3, 59. min: Alfaro. 2-3, 74. min: Piovaccari.