Itxi

Osasuna

Igoera

Osasuna Lehen Mailako taldea da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorritxoek mailaz igotzea lortu dute, Albacetek galdu egin baitu Granadaren aurka jokatu duen partida (0-1).

3:21
Gazteluko Plaza

Osasuna Lehen Mailara igo da astelehen honetan, Albacetek galdu egin baitu Granadaren aurkako norgehiagokan (0-1), eta emaitza horrek igoera erdiestea ahalbidetu dio talde gorritxoari.

Nafarrek berdindu egin zuten igandean (0-0), Cadizen etxean, eta astelehen honetan Albacetek ez irabaztea behar zuten igoera lortzeko, eta hala gertatu da.

Gorritxoek 78 puntu erdietsi dituzte Ligak 39 jardunaldi bete dituenean, eta oraindik beste hiru norgehiagoka jokatzeke daudela gauzatu dute Lehen Mailarako jauzia.

Horrenbestez, 99 urteren buruan zortzigarren igoera lortu du Osasunak. Behin Lehen Mailara igota, bertan inoiz iraun duen urte kopururik handiena gainditzea (14 urte) izango du helburuetako bat datozen denboraldietan. Bi aldiz lortu du balentria hori: 1980tik 1994ra eta 2000tik 2014ra.

Aurtengo arrakastaren zioetako bat, zalantzarik gabe, Jagoba Arrasate entrenatzailea bizkaitarra da. Berriatukoak liga hasiera kaskarrari buelta eman (lehia bakarra irabazi zuten lehen bost jardunaldietan) eta taldeak aurkariaren zelaian eta gora begira joka zezala lortu du.

Osasunak erakutsi duen jokamolde ausartak 15 garaipen jarraian ekarri dizkio Sadarren, Reusen aurkako partida barne hartuta. Horrez gain, klubaren historian inoiz lortu duen puntu kopururik handiena ere batu du. Aurreko marka 2005/2006 denboraldian pilatu zituen 68 puntuak ziren. Urte hartan, laugarren izan zen Ligan, eta Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatu zen.

Gainera, Arrasatek bete egin du denboraldi hasieran esandakoarekin, hau da, taldeak eta zaleek bat egitea, elkar hartuta egon zitezen.