Itxi

Osasuna

0-0

Osasunak berdindu egin du Alcorconen aurka, igoera lortzeko beste pauso bat emanez

Erredakzioa

Talde gorritxoak golik gabe berdindu du (0-0) Santo Domingo zelaian, eta lidertza sendotu du, 74 punturekin.

  • Alcorcon - Osasuna. Argazkia: @CAOsasuna

    Alcorcon - Osasuna partidako irudia. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak golik gabe (0-0) berdindu du Alcorconen aurka, eta beste aurrerapauso bat eman du Lehen Mailara igotzea lortzeko.Talde gorritxoa Bigarren Mailako liderra da, 74 punturekin.

Lehen zatian, Osasunak izan du baloiaren jabetza. Neurketako lehen abagunea 13. minutuan izan dute gorritxoek, baina Perearen erremate ona, kanpora joan da. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi. Norgehiagoka gogortu egin da, eta 38. minutuan, Unai Garciak aldaketa eskatu du, Juan Muñozekin talka egin ostean. Lehen zatia amaitzear zela, Nacho Vidalek maisuki erdiratu du hegaletik, baina, Brandon ez da gutxigatik iritsi.

Aldageletatik bueltan, 58. minutuan, Brandonek izan du lehen abagunea, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Ordu laurden geroago, Pereak min hartu, eta Oier Sanjurjok hartu du haren lekua.

Osasunak ez du amaierara arte etsi. Roberto Torresek izan ditu aukerarik onenak. Lehenengoa, 82. minutuan; area barruraino sartu da, baina behar baino gehiago itxaron du, aukera alferrik galduz. Luzapenean izan du bigarren abagunea; Daniel Jimenez atezainak, ordea, partidako geldialdirik onena egin du, gola eragotzita.

Emaitza honekin, hurrengo jardunaldira arte itxaron beharko du talde nafarrak igoera ospatzeko.

Fitxa teknikoa:

0 - Alcorcon: Dani Jimenez; Laure, David Fernandez, Burgos (Hector Rodas, 32. min), Bellvis; Sangalli, Boateng, Silvestre, Borja Galan (Nono, 59. min); Casadesus eta Juan Muñoz (Jonathan Pereira, 76. min).

0 - Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, Unai Garcia (Aridane, 37. min), David Garcia, Clerc; Roberto Torres, Luis Perea (Oier, 75. min), Fran Merida, Rober Ibañez; Juan Villar (Kike Barja, 65. min) eta Brandon.

Epailea: Lopez Toca. Txartel horiak atera dizkie Alcorconeko Bellvis (m.35), Boateng (40) eta Pereira (85) jokalariei, baita Osasunako Nacho Vidal (55), Rober Ibañez (60), Barja (76) eta Oier (86) futbolariei.