Osasuna
LIGA
Osasunak puntuen bere marka historikoa gainditu du
Erredakzioa
Elxi irabazi dio (1-2), eta 70 puntu ditu jada, 2005-2006 denboraldian lortu zuen 68 puntuko marka historikoa gaindituta.
-
Osasunako jokalariak, Elxen aurka lortutako bigarren gola ospatzen. Foto: @CAOsasuna
Osasunak garaipena lortu zuen Elxen aurka (1-2), eta 70 puntu ditu jada, 2005-2006 denboraldian Lehen Mailan lortutako 68 puntuko marka historikoa gaindituta. Denboraldi hartan, Txapeldunen Ligara sailkatu zen talde gorritxoa.
Martinez Valero zelaian irabazita, Osasuna Bigarren Mailako lider sendoa da, eta sei puntu ateratzen dizkie bigarren eta hirugarren sailkatuei, Albaceteri eta Granadari, hain zuzen.
Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean, 38. jardunaldian, Osasunak hiru puntuak eskuratuko ditu txapelketatik at geratu den Reusen aurka jokatzea egokitzen baitzitzaion. Lehen postuetan dauden taldeetatik, Malaga da azken jardunaldietan Reusen aurka jokatu beharreko hiru puntu horiek gehituko ez dituen bakarra.
Larunbatean, Osasunak Albacete izango du aurkari. Hau da, liderrak bigarren sailkatua hartuko du Sadarren. Partida hau irabaziz gero, gorritxoek aurrerapauso itzela emango dute Lehen Mailara itzultzeko bidean.