Osasuna
2-2
Osasunak puntu bat atera du Lugoren aurka, 2 eta 0 galtzen hasi ostean
eitb.eus
Talde gorritxoak bina (2-2) berdindu du Anxo Carro zelaian. Bi goleko desabantaila ezerezean uztea lortu du Osasunak, eta puntu bat gehiago poltsikoratu du.
-
Lugo - Osasuna. Argazkia: @CAOsasuna
Osasunak bina (2-2) berdindu du Lugoren aurka Anxo Carro zelaian jokatu duen neurketa, 2 eta 0 galtzen hasi ostean. Gorritxoek sendo jarraitzen dute lidertzan puntu bat gehiagorekin, nahiz eta bigarren den Granadak eta hirugarren den Albacetek garaipenak lortu dituzten jardunaldi honetan.
Lugok erasokor ekin dio neurketari eta pare bat abisu eman dizkio Osasunari lehen minutuetan. Talde gorritxoaren erantzuna azkar iritsi da, baina Brandonek ez du asmatu errematea egiterakoan. Abagune argiegiak sortu ez arren, erasokorragoa izaten ari zen Galiziako taldea, eta Lugoren ekinak saria jaso du, 21. minutuan Cristian Herrerak sartu duen golari esker (1-0). Gola jaso ostean, Osasunak berdinketaren bila jo du, eta bi gol aukera izan ditu. Hala ere, Ruben Garcia eta Brandon ez dira gai izan aurkariaren atea zulatzeko.
Bigarren zatiari ere Osasunak baino hobeto ekin dio Lugok. Gainera, etxeko taldeak aukera izan du abantaila handitzeko 56. minutuan, baina Miguel Vieiraren errematea kanpora joan da. Partidako 60. minutuan, ordea, Lugok bigarren gola sartu du Dani Escricheren bitartez (2-0). Falta atera du Tete Morentek, eta Escrichek errematea sare barrura bidali du.
Bigarren gola jasota, Osasunak desabantaila murriztea zuen lehen jomuga. Gorritxoek azkarregi iritsi nahi zuten aurkariaren ate ingurura, eta ez du lortu abagune argiak sortzea. Hala ere, 66. minutuan, David Garciak 2-1ekoa sartu du Ruben Garciak ateratako korner baten ostean.
Norgehiagoka ireki egin da Osasunak gola sartu ostean. Eraso-saiakerak egon dira talde bien aldetik, baina aukera nabarmenik ez. Talde gorritxoak aukera izan du 78. minutuan, eta Lugok hurrengo jokaldian. Fran Meridak jokaldi ona egin, pasea eman du, eta Rober Ibañezek kanpora bota du jaurtiketa. Lugoren erantzunean, Osasunako defentsa erne ibili da Luis Ruizi atepean errematatzen ez uzteko.
Azken txanpan erasora jo du Osasunak bete-betean, eta berdinketa lortzeko aukerak izan ditu. Kike Barjak 83. minutuan egin duen errematea Lugoko atezainak gelditu du, eta etxeko taldeko defentsa ondo ibili da, eragotzi egin baitu Brandonek atepean errematea egitea. Ekinean jarraitu du Osasunak, eta ekinak saria jaso du 91. minutuan Xiscok sartu duen golarekin (2-2). Buruz erremate bikaina eginda sartu du gola aurrelari gorritxoak.
Behin partida berdinduta, luzapenean, Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak lehia irabazteko aukera izan du, baina Juan Villarrek zutoinera bidali du errematea. Ondoren, epaileak baliorik gabe urzi du Roberto Torresen gola, jokoz kanpo baitzegoen. Amaieran, berdinketa Anxo Carro zelaian.
Fitxa teknikoa:
2 - CD Lugo: Juan Carlos; Campabadal, Miguel Vieira, Josete, Luis Ruiz; Tete Morente, Aburjania, Sergio Gil, Lazo (Iriome, 75. min); Escriche (Jose Carlos, 84. min) eta Cristian Herrera (Toni Martinez, 78. min).
2 - CA Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc; Roberto Torres, Oier Sanjurjo (Kike Barja, 65. min), Fran Merida, Robert Ibañez; Brandon (Xisco, 74. min) eta Ruben Garcia (Juan Villar, 81. min).
Golak: 1-0, 21. min: Cristian Herrera. 2-0, 60. min: Escriche. 2-1, 67. min: David Garcia. 2-2, 91. min: Xisco.
Epailea: Arcediano Monescillo. Txartel horiak atera dizkie Osasunako Natxo Vidal (10. min), Oier Sanjurjo (20. min), Robert Ibañez (64. min) eta David Garcia (83. min) jokalariei, baita del Sergio Gil (52. min), Josete Malagon (71. min) eta Jose Carlos (95. min), Lugoko futbolariei. Juanlu Bernal Lugoko entrenatzailea egotzi du (41. min).