Itxi

Osasuna

2-0

Osasunak garaipen handia lortu du Mallorcaren aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak 2-0eko emaitzarekin lortu du garaipena Sadarren, eta playoff postuetan tinko mantentzen da. Kike Barja eta Roberto Torres izan dira golegileak.

  • Roberto Torres eta Kike Barja. Argazkia: @CAOsasuna

    Roberto Torres eta Kike Barja, golegileak Osasuna-Mallorca partidan. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Mallorcaren aurka (2-0) igande honetan, Sadarren. Balear Uharteetako taldea aurkari zuzena da playoff postuetan sartzeko lehian. Orain, Iruñeko taldeak 38 puntu ditu, lau ateratzen dizkio playoff postuetatik at den Cadizi (34 puntu), eta bost puntuko aldea du zortzigarrena den Mallorcarekin (33 puntu).

Ezin hobeto ekin dio neurketari Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak, 3. minutuan 1-0ekoa sartu baitu Kike Barjak. Erremate ona egin du area barruan, talde gorritxoa aurretik jartzeko. Golaren ostean Mallorcak berdinketaren bila jo du, baina Pervisen errematea kanpora joan da. Osasunak abagunea izan du 21. minutuan; Fran Meridaren jaurtiketa, ordea, atezainak harrapatu du. Atsedenaldira iritsi orduko, Mallorca partida berdintzetik gertu egon da, baina Sastreren jaurtiketak ez du Rubenek defendatutako atea zulatu.

Bigarren zatiaren hasieran bi abagune argi izan ditu Mallorcak; 52. minutuan Lago Juniorren erremate batekin, eta 53.ean Dani Rodriguezen jaurtiketa baten bitartez. Osasuna ez da fin ibili bigarren zatiko lehen hamar minutuetan, baina, 61. minutuan, Kike Barjak jokaldi bikaina egin du, eta Roberto Torresek 2-0ekoa sartu du.

Neurketako azken txanpan Mallorcak erasora jo du, baina ez du arrisku handirik sortu Osasunaren ate inguruan. Salva Sevillak izan du abagunea falta jaurtiketa baten bitartez, baina Ruben atezainak desbideratu du jaurtiketa.

Fitxa teknikoa:

2 - Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc; Roberto Torres, Oier, Fran Merida (Iñigo Perez, 72. min), Kike Barja (David Rodriguez, 87. min); Juan Villar (Xisco, 81. min) eta Ruben Garcia.

0 - Mallorca: Reina; Joan Sastre, Valjent, Raillo, Estupiñan; Salva Sevilla, Baba, Dani Rodriguez (Budimir, 62. min); Merveil (Aridai, 62. min), De Groot (Abdon, 73. min), Lago Junior.

Golak: 1-0, 4. min: Kike Barja. 2-0, 61. min: Roberto Torres.

Epailea: Gorka Sagues Oscoz. Txartel horiak atera dizkie Osasunako Fran Meridari eta Mallorcako Lago Junior, Raillo eta Aridai jokalariei.