Osasuna
Perikarditisa
Lillo, gutxienez hilabete zelaietatik kanpo
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzelari gorritxoak perikarditis akutu-subakutu arina dauka, eta hilabete eta hiru hilabete artean eman beharko ditu bajan.
-
Lillo, Lillo, Osasunarekin aurkeztu zen egunean. ETBren bideo batetik ateratako argazkia.
Manuel Castellano 'Lillo' Osasunako atzelaria gutxienez hilabete egongo da zelaietatik kanpo perikarditis akutu-subakutu arina baitu. Dena den, Osasunako medikuek baztertu egin dute muskulu kardiakoa erasanda dagoenik.
Jokalariak min "zehaztugabea" izan zuen bularraldean joan zen astean, "jarduera fisikoarekin edota zonalde horretan jasotako inongo kolperekin zerikusirik ez zeukana", talde gorritxoko osasun-zerbitzuen arabera.
Min hori desagertu ez zenez, astelehenean proba bereziak egin zizkioten Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Sailean. Proba horietan atzeman zioten perikarditisa. Osasunako medikuen hitzetan, hilabete eta hiru hilabete artean emango du bajan.
Horrenbestez, perikarditis hori dela medio, hilabetez erabateko atsedena hartzeko agindu diote Lillori, eta, ondoren, beste osasun-azterketa batzuk egingo dizkiote. Proba horien emaitzak onak badira, entrenamenduetara itzuliko da apurka-apurka.