Itxi

Osasuna

Reyno de Navarra

Osasuna-Zaragoza (0-0): Ahalegina handia, saria eskasa

Erredakzioa

Gorritxoek lan eskerga egin dute, batez ere lehenengo zatian, baina gol-faltak berriz ere garaipenik gabe itxi du Camachoren taldea. Urtea 17 punturekin agurtuko dute nafarrek.

Osasunak eta Zaragozak golik gabe berdindu dute urteko azken partidan. Gorritxoek jaitsiera-postuetatik kanpo eta 17 punturekin amaituko dute urtea.

Reyno de Navarrak Premier Leagueko partida handi baten antza izan duen hasiera bizi izan du. Intentsitatez bete dute zelaia gorritxoek, harmailetan bildutako bertako zaleak zutiaraziz.

Camachoren taldeak golaren bila egin du itsu-itsu eta Leo Franco, Zaragozaren atezaina, etengabeko aukera-jazarpen baten bikitima izan da, gorritxoek era guztietako saiakerak egin baitituzte.

Gola hurbil izan da, baina kasu batzuetan Leo Francok, beste batzuetan aurrelarien hutsek, eta Zapaterrek atepean, gola saihestu dute, markagailua mugimendurik gabe utziz.

Reyno de Navarra futbol-zelaira itzultzen zen Javier Aguirre Zaragozaren entrenatzaileak ezer gutxi egiteko gai zen Osasunaren nagusitasunaren aurrean, baina partidak golek erabakitzen dituzte, eta lehenengo 45 minutuek agur esan dute golik ikusi gabe.

Atsedenaldiaren ostean Zaragozak urrats bat aurrera egin du Jorge Lopezen berdeguneratzearekin batera eta talde zaragozarraren itxurak hobera egin du.

Osasunak, baina, bisitariak baino nagusiago izaten jarraitu du, baina golaren arrastorik ez Reyno de Navarran. Camachok Aranda sartu du soropilean hasierako txinparta berreskuratu asmoz, baina hasierako erritmoa ezin izan du hartu talde nafarrak, aurrelariaren jarrera bikaina izan bada ere.

Mateu Lahoz epaileak ere ez du gehiegi lagundu erritmoaren berpiztean, faltak adieraztea eta txartelak erakustea ahaztu egin baitzaio bigarren zatian eta ezer ez zuen partida berotu egin da.

Partida, hasierako erritmo bizitik urrun, agortzen joan da azken minutuetan, golik gabeko berdinketa behin-betiko bihurtuz. Beraz, puntu banaketa, Zaragozakoak gusturago eta Osasunak 17 punturekin agurtuko du urtea.