Osasuna
0-1
Osasunak galdu egin du Teneriferen aurka eta playoff postuetatik at da
eitb.eus
Talde gorritxoak 0-1 galdu du Sadarren eta porrot honen ondorioz, igoera playoffetako postuetatik kanpo dago Nafarroako taldea.
-
Osasuna-Tenerife (0-1). Argazkia: @CAOsasuna
Osasunak 0-1 galdu du Teneriferen aurka Bigarren Mailako 33. jardunaldiko partida. Porrot honen ondorioz, gorritxoak igoera playoffetako postuetatik kanpo daude, 50 puntu dituztelarik. Zaragoza dago 6. postuan, Osasunak baino 2 puntu gehiagorekin.
Partidaren hasiera parekatua izan da, eta Tenerifek eman du lehen abisua 3. minutuan; falta baten ondoren, Aveldañoren errematea kanpora joan da. Osasunak 3 jokaldi arriskutsu sortu ditu 3 minututan: 14. minutuan Rober Ibañezen errematea gutxigatik kanpora joan da, 15.ean Quiqueren errematea kornerrera joan da defensa batengan jo ostean, eta Fran Meridaren jaurtiketa Tenerifeko atezainak desbideratu du, 17. minutuan. Lehen 45 minutuak abagune gutxikoak izan dira, eta golik gabe amaitu dira.
Bigarren zatian Osasunak izan du lehen abagunea, baina Dani Hernandez atezainak gorritxoen gola eragotzi du. Neurketako 52. minutuan Osasunako atezaina den Sergio Herrerak erantzun bikaina eman dio Acostaren jaurtiketari, baloia kornerrera desbideratuta. Hurrengo jokaldian, 55. minutuan, Tenerifek 0-1ekoa sartu du Acostaren bitartez; Tenerifeko jokalariak area kanpotik egindako jaurtiketa baten bitartez gainditu du Sergio Herrera atezaina. Gola hartu ostean, Osasunak berdinketaren bila jo du, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Neurketako 74. minutuan berdinketa gertu izan du talde gorritxoak, baina Quiqueren errematea oso gutxigatik kanpora joan da, area barruan jokaldi ona burutu ostean. Norgehiagokako 89. minutuan ere beste abagune on bat izan du Osasunak, baina Quiquek ez du asmatu boleaz egin duen errematean. Abagune horrekin amaitu dira Osasunaren esperantzak eta Tenerifek eskuratu ditu 3 puntuak.
Fitxa teknikoa:
0 - Osasuna: Sergio Herrera; Lillo, Oier, Unai Garcia, Javier Flaño (Xisco, m. 56); Rober Ibañez (Sebas Coris, m.39), Borja Lasso (Roberto Torres, m.80) Lucas Torro, Fran Mérida, Kike Barja; eta Quique.
1 - Tenerife: Dani Hernandez; Iñaki, Carlos Ruiz, Aveldaño, Camara; Mula (Tyronne, m.67), Luis Milla; Alberto, Perez, Samuel Longo (Casadesus, m.86) eta Acosta (Vitolo, m.80).
Golak: 0-1, 55. min: Acosta
Epailea: Valdes Aller.