Itxi

Osasuna

1-0

Osasuna bete-betean sartu da igoerako lehian, Cadizi irabazita

Erredakzioa

Gorritxoek 1-0 irabazi diote Lehen Mailara igoera lortzeko lehian aurkari zuzena den talde andaluziarrari. Fran Meridak sartu du partidako gol bakarra, 15. minutuan.

  • Osasuna-Cadiz (1-0). Argazkia: @CAOsasuna

    Osasuna-Cadiz (1-0). Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Cadizen aurka (1-0) Sadarren eta aurrerapausoa eman du Lehen Mailara igotzeko helburuari begira, aurkari zuzena baita talde andaluziarra. Cadiz laugarren postuan da sailkapenean 48 punturekin eta Osasuna seigarren da, 46 punturekin.

Baloiaren jabe egin da Osasuna lehen minututik eta lehen zatian nagusi izan da. Azkar sartu du gola gainera; 15. minutuan Fran Meridak faltaz sartu du 1-0ekoa. Kontrolpean izan du neurketa talde gorritxoak lehen 45 minutuetan eta bigarrena sartzeko abagune ona izan du, baina David Rodriguezek ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Cadizek korner baten bitartez soilik eragin du arriskua Osasunaren ate inguruan, baina Kecojevicen errematea kanpora joan da.

Bigarren zatian, ordea, behera etorri da etxeko taldea eta Cadiz izan da nagusi. Alvaro Cerverak zuzentzen duen taldeak berdinketa lortzeko abaguneak sortu ditu, baina Sergio Herreraren geldituen eta punteria faltaren eraginez, andaluziarrek ez dute golik sartu. Garridok eta Alex Fernandezek izan dituzte talde bisitariaren abagune onenak, baina ez dute asmatu.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Lillo, Unai Garcia, Oier, Clerc; Lucas Torro; Kike Barja (Rober Ibañez, m.65), Borja Lasso (Aridane, m.88), Fran Merida (Arzura, m.75), Quique; eta David Rodriguez.

0 - Cadiz: Cifuentes; Correa, Kecojevic, Marcos Mauro, Villanueva (Carrillo, m.62); Garrido, Fausto Tienza (Perea, m.46); Salvi, Alex, Alvaro; eta Jona (Barral, m.62).

Gola: 1-0, m.15: Fran Merida.

Epailea: Lopez Toca.