Osasuna
17. JARDUNALDIA
Osasunak Nasticen aurka galdu eta hirugarren jartzeko aukera pasatzen utzi du (0-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diego Martinezen taldeak partida ona egin du, jokoa eta aukerak jarri dituzte, baina gorantz doan Nastic izan da golak egin dituena.
-
Osasunak ezin izan dio Nastici Sadarren irabazi. Argazkia: Osasuna
Osasunak eta Nasticek ostegun honetan jokatu dute abenduan elurragatik bertan behera geratu zen partida, eta etxekoek galdu egin dute (0-2), nahiz eta lehian zehar nagusi izan diren erabat. Alabaina, kataluniarrak oso eraginkor agertu dira, eta lehen zatian Manu Barreirok eta bigarrenaren luzapenean Alvaro Vazquezek egindako golen bidez garaipena poltsikoratu dute.
Diego Martinezen taldeak partida ona egin du, jokoa eta aukerak jarri dituzte, baina gorantz doan Nastic izan da golak egin dituena. Gorritxoek, hartara, hiru garaipeneko bolada onari amaiera emateaz gain, sailkapenean hirugarren postuan kokatzeko aukera galdu dute.
Lehenengo zatian ia erabatekoa izan da etxekoen nagusitasuna, abagune garbiak izan dituzte, besteak beste, bigarren minutuan David Rodriguezek zutoinera jaurti du baloi bat Nasticek atzean egindako akats bat aprobetxatuta. Alabaina, bisitariak izan dira gola egin dutenak Manu Barreiroren bidez, haiek bai profitatu baitute gorritxoek defentsan egindako hutsegitea. Hala iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.
Bigarren zatian ez da apenas ezer aldatu, eta Osasunaren nagusitasuna are eta nabarmenagoa izan da. Nastic bere zelaian itxita egon da, eta jokalari guztiek defentsa lanari ekin diote.
Baina gorritxoek ez dute bere egunik onena eduki, eta saiatu diren arren ez dute berdinketaren gola lortzerik izan. Aukera anitz sortu dituzte David Rodriguez, Fran Merida edota Lassok. Xiscok ere berea izan du, paregabea, baina Dimitrievski bisitarien atezainak gelditu ederra egin dio.
Norgehiagoka amaitzear zegoela, Nasticek kontraerasoan harrapatu dituzte etxekoak, eta partida guztiz erabakita utzi duen bigarren gola erdietsi du Alvarok.
Fitxa teknikoa:
Osasuna 0: Sergio Herrera; Lillo, Unai García, Oier; Kike Barja (Quique, 75. min), Lucas Torró, Fran Mérida, Clerc; David Rodríguez (Rober Ibáñez, 65. min), Roberto Torres (Borja Lasso, 52. min) eta Xisco.
Nàstic 2: Dimitrievski; Kakabadze, Molina, Suzuki, Abraham Minero; Muñiz (Assoubre, 59. min), Silvestre (Matilla, 42. min), Gaztañaga, Tete Morente; Maikel Mesa (Álvaro, 62. min) eta Barreiro.
Golak: 0-1, 30. min: Barreiro. 0-2, 91. min: Álvaro.
Epailea: Milla Alvendiz (Andaluziako batzordea). Txartel horiak: Lillo (Osasuna); Abraham Minero, Tete Morente eta Matilla (Nastic).
tilla (Nastic).