Osasuna
2-0
Osasunak garaipena lortu du Eibarren aurka aurkezpen partidan
A.B.
Talde gorritxoa nagusi izan da Sadarren eta merezita irabazi dio talde armaginari, 2-0eko emaitzarekin. David Rodriguez eta Xisco izan dira golegileak.
Osasunak garaipena lortu du Eibarren aurka (2-0) Sadarren bere aurkezpen partidan. Talde gorritxoa nagusi izan da, eta merezita irabazi du kaskar jokatu duen talde armaginaren kontra.
Lehen zatia erritmoarekin hasi da. Talde armagina nagusitu da lehen minutuetan eta abagune on bat izan du bigarren minutuan, baina ez du Osasunaren ate aurrean asmatu. Ondoren, talde gorritxoa egin da baloiaren jabe eta bi taldeei abaguneak sortzea asko kostatu zaie. Etxeko taldearen lehen abagunea 19. minutuan etorri da, baina David Rodriguez ez da De Las Cuevasen erdiraketa errematatzera iritsi. Pixkanaka, Osasuna egin da norgehiagokaren jaun eta jabe. Gorritxoen jokoak saria jaso du 36. minutuan David Rodriguzek sartutako golari esker (1-0). Jokalari gorritxoak bikain errematatu du hegaletik ateratako falta bat. Gola sartu ostean Osasunak bigarrena sartzeko abagunea izan du; Roberto Torresen jaurtiketa, ordea, oso gutxigatik kanpora joan da.
Bigarren zatiaren hasierak lehenegoaren antz handia izan du: Eibar nagusi eta armaginek izan dute lehen abagunea. Sergio Herrera atezainak talde gipuzkoarraren gola eragotzi du Kike Garciaren jaurtiketa desbideratuta. Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldea izan da baloiaren jabe bigarren zatian, baina kosta egin zaio gola sartzeko aukerak sortzea. Azken txanpan Osasunak aldaketa gehiago egin eta fisikoki hobeto egon da. Hau, erabakigarria izan da partidarako. Neurketa amaitu aurretik, 89. minutuan, Xiscok 2-0ekoa sartu du gorritxoen garaipena biribilduz. Fran Meridak falta atera, Miguel Diazek bigarren zutoinean baloia ukitu eta Osasunako aurrelariak sare barrura bidali du.