Osasuna
1-0
Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Valladoliden aurka
Erredakzioa
Gorritxoek 1-0 irabazi dute Sadarren eta igoerako playoff postuetan sartu dira berriro. Nino izan da golegilea.
Osasunak 1-0 irabazi dio Valladolidi Sadarren eta igoera playoffeko postuetan sartu da berriro. Enrique Martin Monrealek zuzentzen duen taldeak bost jardunaldi zeramatzan garaipenik lortu gabe.
Lehen zatiian Osasuna izan da nagusi. Gorritxoek arriskua sortu dute Kepak defendatzen izan duen ate inguruan, nahiz eta Valladolidek ere abagune onak izan dituen. Urko Verak eta Ninok abagune onak izan dituzte Osasuna aurretik jartzeko, baina Nafarroako taldeak ez du gola sartzea lortu 34. minutura arte; Javier Flañok erdiraketa egin eta Ninok sare barrura bidali du errematea (1-0). Valladolidek norgehiagoka berdintzeko abagune ona izan du 42. minutuan, baina Nauzetek bisitarien gola eragotzi du.
Bigarren zatia jokaldi polemiko batekin hasi da. Gorritxoek Silvak Ninori egindako penaltia eskatu dute 48. minutuan, baina epaileak ez du ezer adierazi. Valladolidek hobeto jokatu du bigarren zatian eta Pucelako taldeak ere eskatu du penaltia Aitor Buñuelek ustez eskuarekin baloia area barruan moztu duelako. Epaileak, oraingoan ere ez du ezer adierazi. Bisitariek berdinketa lortzeko abagune argia izan dute Nauzeten huts baten ondorioz, baina Oierrek Juan Villaren gola eragotzi du. Azken txanpan, Unai Garciak eta Roberto Torresek bigarren gola lortzeko aukera bana izan dute; jokalari gorritxoek, ordea, ez dute asmatu eta partida 1-0eko emaitzarekin bukatu da.
Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Nauzet; Pucko (Alex Berenguer, 56. min), Tano, David Garcia, Unai Garcia, Javier Flaño (Manuel, 74. min); Merino, Roberto Torres, Oier; Nino eta Urko Vera (Aitor Buñuel, 64. min).
0 - Valladolid: Kepa; Chica, Silva, Juanpe (Samuel, 53. min), Nikos, Mojica; Leao, Alvaro Rubio (Borja, 61. min); Juan Villar, Del Moral (Renella, 66. min) eta Rodri.
Gola: 1-0, 34. min; Nino.
Epailea: Medie Jimenez.