Osasuna
3-1
Osasuna, nagusi Athleticen aurka
Erredakzioa
Gorritxoek 3-1 irabazi diote talde zuri-gorriari Sadarren jokatu duten norgehiagoka. Valverdek ezohiko jokalariekin froga egin du, eta irudi kaskarra eman du taldeak.
Osasunak merezimendu osoz irabazi dio Athletici (3-1) Sadarren jokatu duten lagunarteko partida. Talde gorritxoak hiru gol sartu ditu lehen zatian eta Athleticen gola azken minutuetan iritsi da.
Herrerin; Bustinza. Etxeita, Gurpegi, Aurtenetxe; San Jose, Moran, Ruiz de Galarreta; Toquero, Sola eta Ibai jokalariek osatu dute Athleticen hamaikakoa. Zuri-gorriek irudi benetan kaskarra eman dute lehen 45 minutuetan eta ziur Valverdek kontuan hartuko duela. Gainera, entrenatzaile zuri-gorriak jokalari batzuk baztertu beharra dauka oraindik.
Osasunaren hamaikakoa, aldiz, Riesgo, J.Flaño, M.Flaño, Nino, De Las Cuevas, Sisi, Oier, Raoul Loe, Loties, Jose Garcia eta Merino jokalariek osatu dute. Urbanek zuzentzen duen taldea nagusi izan da lehen zatian eta hiru gol (3-0) sartu dizkio Athletici. Flaño (1-0), De las Cuevas (2-0) eta Loties (3-0) izan dira golegileak.
Bigarren zatia hasteko, Valverdek aldaketak egin ditu. Bustinza, San Jose, Ruiz de Galarreta, Toquero eta Sola aldagelan geratu dira, eta Iraola, Beñat, Aketxe, Viguera eta Guillermo sartu dira zelaira. Aldaketen ondorioz, Athleticek jokoa hobetu du, eta bigarren zatiko abagune onenak izan ditu. Beñaten gidaritzapean, talde zuri-gorriak baloia hobeto mugitu du, eta, Viguerak, Aketxek eta Ibaik sortu dute arriskua Riesgoren ate inguruan.
Partidako 70. minutuan, Valverdek Kepa eta De Marcos zelairatzea erabaki du Herrerinen eta Aurtenetxeren ordez. Zuri-gorriek sartutako gol bakarra, 85. minutuan etorri da. Aketxek erdiraketa ona atera eta Ibaik sare barrura bidali du errematea (3-1). Gola sartu ostean ez da gehiagorako denborarik egon eta Osasunak 3-1 irabazi dio Athletici.
Fitxa teknikoa:
3 - Osasuna: Riesgo; Oier, Loties (Unai Garcia, 59. min), Miguel Flaño, Javier Flaño; De las Cuevas (Echaide, 82. min), Loé, Merino (Nekounam, m.67), Sisi; Jose García (Maikel Mesa, 46. min) eta Nino (Manu Onwu, 73. min).
1 - Athletic Club: Herrerin (Arrizabalaga, 69. min); Bustinza (Iraola, 46. min), Gurpegi, Etxeita, Aurtenetxe (De Marcos, 69. min); Erik Moran, San Jose (Beñat, 46. min); Toquero (Borja Viguera, 46. min), Ruiz de Galarreta (Aketxe, 46. min), Ibai; eta Kike Sola (Guillermo, 46. min).
Golak: 1-0, 17. min: Javier Flaño. 2-0, 21. min: De las Cuevas. 3-0, 33. min: Loties. 3-1, 86. min: Ibai.
Epailea: Ocon Arraiz.