Itxi

Osasuna

Ikerketa

Legeak uzten duena baino jende gehiago zegoen Sadarreko harmailetan

Erredakzioa

Ospitalera iritsi ziren 31 zaurituetatik batek baino ez du jarraitzen bertan.

Partidaren 12. minutuan, Osasunaren gola sartu zuen Oriolek. Sadar osoa ospatzen ari zela, hegoaldeko harmailan jende-oldea. Harresiak ezin izan jendetzari eutsi, eta jausi egin zen. Zauriak, odola, ikara eta, batez ere, urduritasun handiko momentuak izan ziren.

Guztira, 67 lagun zauritu ziren, horietatik 31 ospitalera eraman zituzten. Inor ez dago larri. Ospitalera iritsi ziren 31 zaurituetatik, gaur batek baino ez du jarraitzen bertan. Larri ez badago ere, kolpeengatik behaketapean dago.

Partida geldirik egon zen 35 minutuz. Zerra batez baliatuta, apurtutako harresia kendu zuten, eta zauritu gehienak Sadarren bertan artatu zituzten Gurutze Gorrikoek.

Betisko jokalariak umeak ateratzen ikusi genituen eta Patxi Puñal hegoaldeko harmailara hurbildu zen jendeari laguntzeko eskatuz. Miguel Archanco, Osasunako presidenteak ere hurbiletik jarraitu zuen gertakari guztia.