Itxi

Osasuna

Bost porrot jarraian

Osasunak Rayoren aurka galdu du, azken momentuko penalti baten erruz

Erredakzioa

Rayo gorritxoak baino gehiago izan zen, partida kaskar batean, baina azken momentuko penalti batek erabaki zuen emaitza (1-0).

Osasunak puntu bat eskuratzeko aukera galdu zuen bart, azken momentuan jasotako penalti baten erruz. Rayok irabazi zituen hiru puntuak, eta gorritxoek behera begira jarraitu behar izango dute.

Silvak izan zuen lehenengo abagunea Osasunarentzat, 3. minutuan. Jokaldi horren osteko kornerrean, Saulek Arribasi egindako penaltia eskatu zuten Osasunako jokalariek, baina epaileak ez zuen ikusi. Gorritxoen presioak eragina izan zuen lehenengo hamar minutuetan.

Hala ere, Rayok gainetik kentzea lortu zuen, eta neurketaren kontrola eskuratu zuen, eta lehenengo zati osoan zehar ez zuen galdu. Hala ere, ez zen aukera gehiegi sortzeko gai izan.

Lehenengo zatiko abagune argiena Rayorena izan zen, 37. minutuan. Andres Fernandezek bere taldea salbatu zuen, Buenok ate barrurantz bidalitako baloia kornerrera bidalita. Etxeko taldeak baloia kontrolatuta zuela, aukera argirik sortzen ez bazuen ere, Cejudorena izan zen abagunerik argiena, atsedenaldia iritsi baino lehen, baina atezainari oparitu zion.

Bigarren zatian, Osasuna hobeto irten zen zelaira. 52. minutuan, hala ere, Buenoren baloi bat Osasunaren atean sartu zen, baina epaileak baliogabetu egin zuen Larriveyri falta egin izana egotzita. Hurrengoa ere Rayorena izan zen: Galvezen burukada ona Andresek harrapatu zuen.

Kornerrez josi zuen Rayok Osasuna, eta gorritxoek bi aukera on eginez erantzun zion. 61. minutuan, Silvak, gorritxoen artean onenak, eta Oriol Rierak geroago, ezin izan zuten baloia sare barrura sartu, eta bi abagune on galdu zituzten.

69. minutuan, Cejudo saiatu zen, oso urrunetik, baina Rayo taldeko atezainak gelditu egin zion.

Osasunaren jokoa ez zen batere zehatza, eta partidaren kontrola oparitu zion Rayori. Azken minutuetan, gainera, Rayok estutu egin zuen kanpoko taldea.

Partida golik gabe bukatuko zela zirudienean, Damiak Jose Carlosi heldu zion area barruan, eta Larriveyk ez zuen penaltia huts egin. Rayok hiru puntuak eskuratu zituen Vallecasen. Ondorioz, Osasunak behera begira jarraitu beharko du.

FITXA TEKNIKOA

Rayo Vallecano: Rubén; Arbilla, Zé Castro, Gálvez, Rat; Trashorras, Saúl Ñiguez; Rochina (José Carlos, 66'), Bueno (Jonathan Viera, 66'), Iago Falque (Longo, 91'); eta Larrivey.

Osasuna: Andrés Fernández; Oier, Arribas, Lotie, Damiá; Puñal, Silva (Acuña, 76'), Raúl Loe; Álvaro Cejudo, Torres (Joan Oriol, 86'); eta Oriol Riera.

Golak: 1-0: Larrivey, penaltiz (89').