Itxi

Osasuna

FC Bartzelonaren aurka

Zaplastekoa jaso du Osasunak Camp Noun (7-0)

Erredakzioa

Gorritxoen hasiera itxaropentsua izan den arren, 'Tata' Martinoren taldeak aitzakiarik gabeko garaipena erdietsi du. Messik hiru gol sartu ditu.

1:55

Osasunak porrot mingarria jaso du FC Bartzelonaren aurka (7-0), Camp Noun, jokatutako BBVA Ligako 28. jardunaldiko partidan.

Gorritxoek egindako aurreneko minutuak itxaropentsuak izan diren arren, Barçak ez dio Osasunari ezustekorako aukerarik eman. 17. minutuan markagailua estreinatu du Leo Messik, eta golak konfiantza eman dio Martinoren taldeari.

Hiru minutu geroago, 21.ean, Alexisek 2-0eko sartu du jokaldi bikain baten ostean. Erdiraketa Jordi Albarena izan da. Atsedenaldira heldu aurretik, 34.ean, norgehiagoka erabakita utzi du etxeko taldeak Iniestak sartutako golari esker. Fuentealbillakoak gol ederra egin du areatik kanpo errematatuta.

Bigarren zatian ezer gutxi egin ahal izan dute Javi Graciaren gizonek. FC Bartzelona eroso aritu da, nagusi, jaun eta jabe. 62.ean bere bigarren gola egin du Messik jokaldi bikain batean sarea zulatuz, eta Tellok 5-0eko jarri du 78.ean.

Markagailuarekin konforme zirudien Barça, baina ahalegin handirik egin gabe, beste bi gol sartu ditu. Azken biak Messi eta Pedrorenak izan dira. Osasuna hamabosgarren postuan dago sailkapen nagusian, 29 punturekin.

Fitxa teknikoa:

7 - Bartzelona: Valdes; Alves, Bartra, Mascherano (Adriano, 82'), Alba; Busquets, Xavi (Song, 61'), Iniesta; Pedro, Messi eta Alexis (Tello, 77').

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Oier Sanjurjo, Loties, Arribas, Damia Abella; Silva, Raul Loe, Armenteros (Lobato, 84'), Roberto Torres (Puñal, 70'); Cejudo eta Oriol Riera (Acuña, 61').

Golak:

1-0, 18': Messi.

2-0, 22': Alexis.

3-0, 34': Iniesta.

4-0, 63': Messi.

5-0, 78': Tello.

6-0, 87': Messi.

7-0, 90': Pedro.