Itxi

Osasuna

0-0

Osasunak urrezko puntua lortu du Elxen

Erredakzioa

Gorritxoak nagusiak izan ziren lehenengo zatian, bi aurkari zuzenen arteko neurketa on batean. Corok penalti bat huts egin zuen bigarren zatian, eta Osasunak golen aldea bere alde mantentzen du.

1:06

Osasunak eta Elxek berdinketa lortu dute intentsitatez betetako neurketan, Martinez Valero zelaian. Joko ona eta aukera egon dira partidan zehar. Huts egindako abaguneak, batenak eta bestearenak, eta batez ere Corok kanpora bidalitako Elxen aldeko penaltiak, puntu bana eman die bi taldeei, Lehen Mailan mantentzeko borrokan.

Lehen zati polita bizi zuen Martinez Valero zelaiak, bi taldeek aukerak izan zituztelako. Gorritxoak erosoak egon ziren baloiarekin. Atzean, hala ere, bat ere ez zen ondo aritu. Ondorioz, aukera asko izan zituzten biek.

Osasuna erasoan aritu zen lehenengo zatian, konplexurik gabe eta aurkariak baino abagune gehiago sortzeko gai, batez ere etxetik kanpo zegoela kontuan izanda. 19. minutuan, adibidez, Roberto Torresek ezin izan zuen ondo jo pilota on bat, eta 21.ean Loloren burukada bat ondo urrundu zuen Toñok. 27. minutuan, Osasunak berriz barkatu zuen, eraso jokaldi on baten ostean, Elxeko zuloak atzean ondo baliatuta. Cejudok, ordea, ezin izan zuen errematatu, eta baloia galdu egin zen.

Osasuna, aurkaria baino nagusiago, gora begira ari zen. Azken 15 minutuetan, erritmoa moteldu zenean, hobeto aritu ziren bi taldeak atzean, eta hutsean heldu ziren atsedenaldira.

Bigarren zatiko hasieran, gidoia errepikatu zen, biek erakutsitako intentsitatean. Zabalik zegoen norgehiagoka.

59. minutuan, aldeko penaltia izan zuen Elxek, baina Corok ez zuen sartu, eta kanpora bidali zuen. Osasuna bizirik atera zen jokaldi horretatik. 75. minutuan, gainera, Toño atezaina lesionatu zen, eta Manu Herrera bigarrenak bere ordez atera behar izan zuen.

Azken minutuetan, Nino etxera itzuli zen, lesio luze baten ostean gainera. Puntua ona da Osasunarentzat, asko barkatu zuen eta gehiago lortu ahal izan zuen arren. Elxek huts egindako penaltiak, aldiz, pozik uzten ditu gorritxoak, eta sartutako golen diferentzia alde mantentzen due.

FITXA TEKNIKOA

Elx: Toño (Manu Herrera, 78. min); Damian, Botia, Lomban, Cisma; Ruben Perez, Carlos Sanchez; Del Moral, Coro, Fidel (Aaron, 69. min); Cristian Herrera (Boakye, 84. min).

Osasuna: Andres Fernandez, Damia, Arribas, Loties, Marc Bertran, Cejudo (Nino, 85. min), Lolo (Loe, 74. min), Silva, Armenteros (Lobato, 68. min), Roberto Torres eta Oriol Riera.