Itxi

Osasuna

2-0

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Getaferen aurka

A.B.

Talde gorritxoak 2-0 irabazi du mailari eusteko lehian aurkari zuzena duen Madrileko taldearen aurka. Oriol Riera eta Roberto Torres izan dira golegileak.

1:19

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Getaferen aurka Sadarren (2-0). Talde gorritxoak arnasa hartzen du garaipen honen ostean. Mailari eusteko aurkari zuzena duen Getafe harrapat du sailkapenean. Bi taldeek 25na puntu dituzte.

Partida urduri hasi du Osasunak eta Getafek lehen minutuan izan du lehen gola sartzeko aukera. Andres Fernandezek, ordea, arriskua desbideratzea lortu du. Madrileko taldea izan da baloiaren jabe lehen minutuetan, baina Osasunak hartu du aurrea markagailuan. Bosgarren minutuan Oriol Rierak pase luzea jaso eta baselinaz gainditu du Moya atezaina (1-0).

Lehen golaren ostean, partida ireki egin du eta bi taldeek abaguneak izan dituzte. Getaferen abagune onena 33. minutuan iritsi da, eta gertu izan dute gola madrildarrek. Lafitaren erremateak, ordea, zutoina jo du. Osasunak ere izan du bigarren gola sartzeko aukera, baina Moya atezainak ondo desbideratu du De las Cuevasen jaurtiketa. Partida, Osasunaren aldeko 1-0ekoarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatian jokoa asko eten da, eta ez da abagune askorik egon. Cejudok 51. minutuan boleaz egindako errematea kanpora joan da, eta 53. minutuan Damiak Getaferen gola eragotzi du. Adrian Colungak Andres Fernandez atezaina gainditu du, baina defentsa gorritxoak baloia aldentzea lortu du atepeko marrara iritsi aurretik. Osasuna izan du bigarren gola sartzeko beste aukeraren bat, baina Moya atezainak eragotzi du gorritxoek gola sartzea.

Norgehiagokako azken minutuetan Getafek berdinketaren bila jo du, baina ez du abagune argirik sortu. Osasuna ondo ibili da defentsako lanean eta 87. minutuan partida erabakita utzi du. Getafeko jokalariak oso aurreratuta egon dira, gorritxoek kontraeraso azkarra egin dute, eta Roberto Torresek ez du barkatu Moyaren aurrean (2-0). Torresen gol honek erabakita utzi du partida eta hiru puntuak lortu ditu Osasunak.

Fitxa teknikoa:

2- CA Osasuna: Andres Fernandez, Marc Bertran, Loties, Arribas, Damia, Puñal (Lolo, 40. min), Silva; Cejudo (Oier Sanjurjo, 75. min), De las Cuevas (Torres, 45. min), Armenteros eta Oriol Riera.

0- Getafe: Moya; Roberto Lago, Arroyo, Lisandro, Rafa (Alexis, 43. min); Borja, Michel (Gavilan, 72. min), Lafita, Pedro León; Ciprian (Colunga, 40. min) eta Diego Castro.

Golak: 1-0, 5. min: Oriol Riera. 2-0, 87. min: Torres.

Epailea: Muñiz Fernandez.