Itxi

Osasuna

Sevillan

Osasuna jaitsiera postuetatik urrundu da, Betisi 1-2 irabazi ondoren

Erredakzioa

Gorritxoek BBVA Ligako azkenengo sailkatua gainditu dute, eta sailkapenean aurrerapauso garrantzitsua eman dute.

1:14

Nafarroako taldeak urrezko hiru puntu eskuratu ditu BBVA Ligako azkeneko sailkatuaren kontra (1-2). Graciaren gizonek 0-2 hartu dute markagailuan aurrea, baina Betisek 1-2koa lortu du, eta Iruñeko taldeak emaitzari eusteko asko sufritu du.

Osasunak ezin hobeto hasi du norgehiagoka, Roberto Torresek ezustekoan hartu baitu Betisen defentsa, eta 2. minutuan 0-1ekoa eskuratu baitu. Garridoren gizonek erasoan gogor sakatu dute berdinketaren golaren bila, baina gorritxoek markagailuko aldea handitzeko abaguneak izan dituzte. Miguel De las Cuevasek bi abagune argi izan ditu, baina Andersen atezainak gelditu erabakigarriak egin ditu.

Andaluziako taldeak erasoan sakatzen jarraitu du, eta Leo Baptistao Andres Fernandez ezustekoan hartzen saiatu da. Hala ere, Osasunako atezainak kornerrera desbideratu du baloia, gelditu ikusgarria eginez. 38. minutuan Nonok bigarren txartel horia ikusi du, eta Betisek hamar jokalarirekin jokatu behar izna du bigarren zati osoa.

Garridoren gizonek erasoan gogor sakatu dute, hamar jokalarirekin jokatu arren, eta Baptistao berdinketaren gola lortzetik oso gertu egon da. Hala ere, Andres Fernandezek gelditu bikaina egin du, berriz ere (52. minutua). 56. Minutuan, Damiak ongi erdiratu du, eta Figuerasek bere atean sartu du baloia (0-2).

Neurkerta nahastu egin da, eta 60. minutuan, epaileak Betisen aldeko penaltia adierazi du. Gainera, Andres Fernandez atezainari txartel gorria atera dio Teixeira Vitienesek, eta Asier Riesgo Oriol Rieraren ordez zelairatu du Javi Graciak. Ruben Castrok jaurti du penaltia, baina baloia langara bidali du.

Sevillako taldeak erasoan sakatzen jarraitu du, eta Jorge Molinak 1-2koa eskuratu du, 80. minutuan.  Gorritxoek asko sufritu dute azkenengo minutuetan, eta kontraerasoan hirugarren gola lortzeko abagune ugari huts egin dituzte. Hala ere, garaipena Osasunak lortu du, Benito Villamarinen.

Fitxa teknikoa:

Betis: Andersen; Juanfran (Jorge Molina, 45. minutuan), Paulao, Amaya, Nacho; Nono, Lolo, Salva Sevilla (Jordi figueras, 45. minutuan); Leo Baptistao (Chuli, 75. minutuan), Vadillo eta Ruben Castro.

Osasuna: Andres Fernandez; Damia, Arribas, Loties, Marc Bertran; Cejudo (Oier, 76. minutuan), Lolo, Silva, De las Cuevas (Acuña, 57. minutuan); Roberto Torres eta Oriol Riera (Riesgo, 61. minutuan).

-Golak: 0-1, 2. minutuan, Roberto Torres. 0-2, 57. minutuan, Figuerasek bere atean. 1-2, 80. minutuan, Jorge Molina.